Larunbatean jokatu zen Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) Altsasuko Udalaren eta hainbat entitate eta babesleen laguntzarekin antolatutako 28. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoko bigarren finalerdia. Jakina denez, aurten formatoz aldatu du SDAk eta kluben arteko torneoa izan da antolatu dutena.
Bigarren finalerdi honetan Iruñeko Oberena eta Doneztebeko Erreka klubak lehiatu ziren. Hiru partida jokatu zituzten, lau t´erdian, buruz buru eta binaka. Baina torneoa hasi baino lehen Altsasuko Pilotajauku pilota eskolako kimuen mailako pilotarien arteko partidak zabaldu zuen jaialdia. Mitxelenak eta Igoak 18 eta 8 hartu zituzten menpean Gasco eta Azpeitia.
Torneoari dagokionez, lau t´erdian Ansa altsasuarrak ordezkatu zuen Oberena eta Errekako Barandiaran izan zuen aurkari. Partida gogorrean, Ansak ezer gutxi egin ahal izan zuen Barandiaranen erasoen aurrean. Sakez 5 tanto egin zituen Errekakoak eta Ansak. 3 eta 12tik 9 eta 13ra gerturatu zen altsasuarra, baina, azkenean, 25 minutuko partidan, Barandiaranek 18 eta 9 irabazi zion Ansari
Buruz burukoan Oberenak berdintzea lortu zuen, Garciak 18 eta 13 irabazi baitzion Errekako Elizalderi, partida gogorrean. Garciak hartu zuen jokoaren ekimena eta hasieratik markagailuan aurretik ibili zen. Sakez 7 tanto sartu zizkion Errekakoari.
Horrela, azkeneko partidan, binakakoan, erabaki zen zein talde sailkatuko zen ostiraleko final handirako. Oberenak Mata eta Irurita pilotariak hautatu zituen eta Tainta eta Jon Gorriti uhartearra, aldiz, Errekak. Partida oso lehiatua izan zen, eta nahiz eta Oberenakoak uneoro aurretik egon (9 eta 2, 14 eta 7…), Matak eta Iruritak lehen zati bikaina jokatu zutelako, Taintak eta Gorritik ongi erantzun zuten eta 16 eta 15 gerturatzea lortu zuten. Hortik aurrera bi bikoek izugarri sufritu zuten eta, azkenean, 22 eta 17 irabazi zuten Matak eta Iruritak eta bere klubak, Oberenak, ostiraleko finalerako sailkatzea lortu zuten.
Finala: Uharte Iruñea / Oberena
Hortaz, Altsasuko festetan, ostiralean, 17:30ean Burundan jokatuko den 28. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoko finala Irurtzun bidean utzi zuen Uharte Iruñeak eta Erreka irabazi zuen Oberenak jokatuko dute.
Irujori eta Zubietari omenaldia
Otadiako Torneoko finala jokatzen dela baliatuta, SDAk omenalditxoa eginen die Juan Martinez de Irujori eta Aitor Zubietari, bi pilotariek afizionatuen mailan eta profesionaletan egindako ibilbideari aitortza egiteko. Otadiko Kristo Deuna Torneoan eta Burundako pilota profesional jaialdietan parte hartu izan dute biek, Sakanako pilota zaleen gozamenerako.