Asteburuan IMQ Kopako hasierako faseko azken jardunaldia jokatu zen. Lagun Arteak eta Etxarrik ez zuten ezer jokoan, Lagun Artea hurrengo faserako sailkatua baitago eta Etxarrik, aldiz, aurreko partidak galdu eta gero, ez zuelako sailkatzeko aukerarik. Baina gertuko herrien arteko partidek beti dute zerbait berezia eta denboraldiko lehen derbia irabaztera atera ziren bi taldeak.
Etxarri hobeto moldatu zen Lakuntzako Zelai Berrin. Aukera gehiago izan zituzten. Lagun Arteako atea Adur Kanpo atezain gazteak defendatu zuen, beste bi atezainak lesionatuta daudelako, eta aipatu beharra dago 16 urteko gaztea ongi ibili zela. Geldialdi onak egin zituen baina 38. minutuan Etxarriko Saezek txurien atea zulatzea lortu zuen. Bigarren zatian Lagun Arteak gol aukera politak izan zituen, tartean Enekok eta Maizak, eta azkenean Iturbide izan zen berdinketaren gola lortu zuena.
Partidaren azken txanpan fisikoki gehiago izan ziren etxarriarrak eta Arratibelek 88. minutuan eta Artiedak 90. minutuan sartutako golei esker, 1 eta 3 irabazita itzuli ziren Etxarrira gorritxoak.
Asteburuan hasiko da preferente mailako denboraldia
Lagun Arteak eta Etxarrik preferente mailari eustea lortu zuten aurreko denboraldian eta asteburuan hasiko den denboraldian ere preferente mailan ariko dira.
Preferenteko I. Mailan ariko dira Lagun Artea eta Etxarri Aranatz. Hurrengo taldeak izango dituzte bidaide: Aibares, Mutilbera B, Arrotxapea, Urroztarra, Infanzones, Doneztebe, Beriain, Lagunak, Castillo Tiebas, San Andrés, Amigo, San Jorge, Artajonés eta Ardoi B.
Ligari etxean ekingo diote gure bi taldeek. Lagun Arteak igandean Aibarés taldea hartuko du eta Etxarri Aranatzek Mutilbera B taldea izango du aurkari San Donaton.