Lanak Leitzarango Autobiako Larrazpileko zubietan

Guaixe 2017ko ira. 11a, 11:15

Zubiak konpontzeko eta indartzeko lanek sei hilabete iraunen dute. Lanak egiteko lehenik zubi bat itxiko dute eta trafikoa bestetik bideratuko dute. Errail bakarra egonen da norabide bakoitzean eta abiadura muga 60 km ordukora murriztuko da.

Gaurtik, eta sei hilabetez, Leitzarango Autobiako (A-15) Larrazpilgo zubietan konponketa lanak eginen dira. Lekunberrira daraman zubia itxi dute gaur eta trafikoa Arakilera etortzen den bidetik desbideratu dute. Zentzu bakoitzean norabide bakarreko erraila dago zabalik eta abiadura muga 60 km ordukoa da. Puntu jakinetan 40koa izanen da. Hiru hilabete iraunen dute lanak zubi horretan. Haiek despeditzean, abendu erdialdean, Arakilerako bidea itxi eta hango zubia konpontzeari ekinen diote. Orduan Lekunberrira daraman bideak hartuko du bi zentzutan doan trafikoa.

Lanak irauten duten bitartean sei km-ko autobiako zatian egonen da trafikoa norabide bakarreko errail bakarrean, 113+700 km puntuaren eta 117+800 km puntuaren artean. Zubietako drainatze-sistemak zuzendu, egiturazko arazoak konpondu eta iraunkortasun lanak eginen dituzte. Autobiako lan horiek Irurtzun eta Latasa (NA-1300) arteko errepideari ere eraginen diote eta haren errail bat itxiko da. Errepideko 3. km puntuan desbideratzean eginen dira aldian-aldian, egun argitan. Izan ere, autobiako zubiak errepide horren gainetik pasatzen dira eta zubien egituraren beheko partea konpondu behar dute.

2018ko otsailera arte iraunen dute lan horiek eta Acciona Construcción SA enpresak eginen ditu eta horien truke Nafarroako Gobernuak 1.239.367,98 euro (BEZ barne) pagatuko dizkio, lizitazio prezioa baino %25,02 merkeago eman ziren lanak.