I.Tritoienako sailkapena
Luzea (30km)
1.Feli Solanas: 3:30:41
2.Jose Antonio Salgado: 3:46:10
3.Iker Flores: 3:47:50
4.Josean Guzman: 3:56:04
5.Asier Santos: 3:56:16
4.Oskar Garcia de Andoin: 3:57:53
7.Ioseba Iza: 3:58:45
8.Antton Zelaia: 4:00:33
9.Asier Leiza: 4:00:50
10.Javier Abasolo: 4:02:20
11.Jose Luis de Juan: 4:04:00
12.Lizar Irazusta: 4:06:03
13.Aitor Garaioa: 4:07:05
14.Jabi Asanz: 4:11:06
15.Joseba Ibañez: 4:17:08
16.Eneko Barroeta: 4:21:53
17.Aitor Salinas: 4:24:02
18.Andoni Otxoa: 4:26:41
19.Egoitz Iradier: 4:29:27
20.Jon Iraola: 4:34:47
21.Alvaro Rodriguez: 4:35:56
22.Arantxi De la Fuente: 4:50:58
Laburra (15 km)
1.Ioni Araña: 2:13:28
2.Gaizka Mtnez. de Albeniz: 2:14:18
3.Alatz Agirre: 2:15:21
4.Aritz Munarriz: 2:15:21
5.Izaro Imaz: 2:15:21
Larunbat goizean ez zegoen giro. Euria eta hotza, hori zen Arbizuko ekokanpinean zegoen panorama. Hala ere, 35 korrikalari bildu ziren Ergoienako Udalak, Arbizuko ekokanpinak eta Dantzaleku Sakana klubak antolatutako I. Tritoiena mendi lasterketan parte hartzeko prest. Ez zen txantxetako kontua: ekokanpinetik atera, Lizarragatik Andiara igo, San Adriain ermita gainditu, Lizarragako tuneletik pasa, Aitzorrotzetik Dorraora jaitsi, San Pedro ermita pasatuta, Unanura iritsi, Beriain igo, Uharte Arakilgo portutik jaitsi eta Beriain magaletik Arbizuko ekokanpineko helmugara iristea zen erronka. 30 km eta 1.800 metroko desnibela zuten aurrez aurre korrikalariek. Lainoa, euria eta hotza lagun. Bazegoen ere bide erdia egiteko aukera; Unanura helduta, Beriain igo beharrean Arbizuko ekokanpineko bidea hartzea, hain zuzen. Bost korrikalarik aukera laburraren alde egin zuten eta gainontzekoek, aldiz, ibilbide luzearen aldeko hautua.
Txueka, Mercero eta Lizarraga, irteeran
Maitane Txueka korrikalari arbizuarrak, Jose Mari Mercero korrikalari unanuarrak eta down sindromea duten musikariek osatutako Motxila 21 taldeko Aintzane Lizarraga dorrobarrak eman zioten hasiera lasterketari. Izan ere, Tritoiena lasterketak lehendabiziko biak omendu zituen, batetik, eta, proba solidarioa izaki, lasterketan bildutakoa Motxila 21 taldeari eman zioten. Horrela, sinbolikoki lehen metroak eurek egin zituzten aurretik, eta Lizarragaraino lasterketa neutralizatua izan zen, Txueka eta Mercero aurretik joan baitziren korrikan, Lizarragaraino. Ondoren, beraiek gelditu eta gainontzeko 35 mendi korrikalarik egin zuten aurrera.
Seinaleak aldatu zituzten
Berez gogorra zen proba, eguraldi kaxkarrak are gehiago gogortu zuen eta norbaitek seinaleak aldatu izanak lasterketa nahasi zuen. Izan ere, antolakuntzak aurretik markatutako bidean seinaleak aldatu eta kendu zituzten ezezagun batzuk. Antolakuntzatik adierazi zutenez, ostegunean jakin zuten seinaleetan aldatu zituztela eta probaren egunean, goizeko 5:00etan, guztia ongi jarri zuen antolakuntzak. Baina norbaitek atzera ere aldaketak egin zituen. “Seinale eta marka batzuk kendu dituzte eta beste batzuk tokiz aldatu dituzte, xenda galduetatik. Hiru aldiz pasatu ditut korrikalariak” aipatu zuen I. Tritoiena meritu handiz izrabazi zuen Feli Solanas santurtziarrak. Horrela, 30 km baino gehiago egin zituzten korrikalariek, ia guztiak, une batean edo bestean, seinale aldaketekin nahasi egin zirelako.
Laburrekoak bi ordu pasa eta luzekoak hiru ordu t´erdi
Iristen lehenak 15 km-ko hautua egin zutenak izan ziren. Ioni Araña arbizuarra izan zen azkarrena (2:13:28), Gaizka Martinez de Albenizen (2:14:18) eta Alatz Agirre arbizuarraren aurretik (215:21). Azken honen denbora berean sartu ziren Aritz Munarriz eta Izaro Imaz, emakume bakarra.
Tritoiena proba luzeari dagokionez, Sestao Atletico taldeko Feli Solanasek hiru ordu t´erdi behar izan zuen proba osatzeko (3:30:41). Proba oso gogorra baina oso polita zela nabarmendu zuen, Beriain igoera eta jaitsiera, bereziki. Lasterketa solidarioa izatea ere oso positiboki baloratu zuen. Bigarrena Jose Antonio Salgado altsasuarra izan zen (3:46:10). Proba ikusgarria egin zuen altsasuarrak eta lasterketa osatu zuen adinduenaren saria ere jaso zuen. Hirugarrena Iker Flores urdiaindarra (3:47:50) sartu zen. Aipatzekoa da Javi Asanz altsasuarra izan zela proba osatu zuen korrikalari gazteena (4:11:06). 16 urteko gaztea sailkapen orokorrean 14.a sailkatu zen.
Emakumezkoetan soilik emakume batek lortu zuen I. Tritoiena proba gogorra despeditzea, Arantxi de la Fuente bergararrak (4:50:58). Azkena iritsi zen, baina izugarrizko txaloak jaso zituen.
Omenaldia Txuekari eta Mercerori
Izan ere, giro polita sortu zen Arbizuko ekokanpinean Tritoiena burutzen zen bitartean. Eguraldi txarrak eta seinaleetan egindako aldaketek ez zuten giroa zapuztu. Sari ematearekin batera antolakuntzak Maitane Txueka eta Jose Mari Mercero omendu zituen. Txueka Sakanako emakume korrikalarien aitzindarietako bat da, 2009an Saharako Maratoia irabazi zuen eta Euskal Herriko Kopan bigarrena izana da ere, Zegama-Aizkorrin hirutan aritzearekin batera. Amatasunagatik konpetizioa utzi du tarte baterako, baina bueltatuko dela adierazi zuen. Bestalde, 78 urterekin Jose Mari Mercerok sasoi betean jarraitzen du: hirutan izan da Espainiako Txapelduna, bostetan txapeldunordea, aurten, esaterako eta brontzezko hiru domina izan ditu. Ahal duenera arte korrikan jarraituko duela adierazi zuen. Aurreskua, oroigarriak eta eta bildutakoen txaloak jaso zituzten.
Irabazleek, lehen beteranoak eta lehen gazteak Unanuko inauterien mamuxarroen Kattola jaso zuten opari, bestelako sariekin batera. Bigarrenek eta hirugarrenek ere saria jaso zuten; baita azkenek ere. Salgado izan zen sari gehien jaso zuenetako bat: bigarren saria, lehen sakandarraren saria eta lehen beteranoaren saria jaso zituen. Horretaz gain, parte-hartzaileen artean sariak zozketatu zituzten. Bukatzeko, auzatea izan zen bildutako guztiendako.
Korrikalariek proba gogorra gustuko izan zutela nabarmendu zuten eta antolatzen jarraitzearen alde azaldu ziren.