Trenbideari buruzko ekarpenak egiteko aukera

Guaixe 2017ko ira. 12a, 08:19

Trenbide-korridoreari buruzko informazio eta gizarte-eztabaida fasea hasi du gobernuak. Sakanako informazio-saioa Altsasun izanen da, 27an.

Nafarroako Gobernuak Kantauri-Mediterraneoko trenbide-korridoreari buruzko informazio eta gizarte-eztabaidako bide bat jarri du eskuragai Gobernu Irekiaren webgunean, nahi duten pertsonek, erakundeek eta taldeek beraien ekarpenak egin ditzaten eta Gobernuak haiei erantzun diezaien. Eztabaidatzeko gunea astelehenaz geroztik dago zabalik. Han proiektuaren laburpen bat eta 23 eranskin jaso ditu foru administrazioak.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, "irekia eta iraunkorra den prozesu baten lehen fasea da; trenbide-korridorearen proiektua garatzen den bitartean gertatzen diren aurrerapenen berri emango diegu herritarrei".

Prozesu horretan, korridorea eraikitzen den Nafarroako eremuen iritzia kontuan hartuko du. Horrela, informazio-saioak antolatu ditu. Sakanari dagokion informazio bileran Altsasun eginen da, irailaren 27an. Gainera, foru administrazioak jakinarazi du web-orri iraunkor bat ere sortuko duela aurki, proiektuaren garapenari buruzko nobedade guztiak jasotzeko.

Bi aukera
Foru gobernuari eusten dioten alderdiek gobernu-akordioan jaso zutenez, etorkizuneko trenbide-korridore bidaiariendako eta merkantziendako izan behar du, ahalmen nahikoa duena eta nazioarteko estandarrak betetzen dituena. Nafarroako Gobernuaren iritziz hori egiteko bi aukera daude. Lehena, egungo trenbidearen paraleloa izanen litzatekeen beste trenbide bat eraikitzea, nazioarteko zabalera duena (estuagoa), eta egungo trenbidean 3. erraila jartzea atzerriko trenak ibili ahal izateko. Gobernuak azaldu duenez, aukera horrek zenbait tokitan ibilbidea aldatzea ekarriko luke, “Europako estandarrak betetzeko”.



Bigarren aukera gaur egungo trenbidea mantentzea eta bide bikoitzeko trenbide plataforma berria eraikitzea litzateke. Europako zabalera luke eta han distantzia ertain eta luzeko trenak ibiliko lirateke, bai bidaiariak bai merkantziak eramateko. Egungo trenbidea, berriz, bai bidaiarien aldiri zerbitzuetarako bai zenbait merkantzia garraiatzeko erabiliko litzateke. Gobernuaren iritziz, “hau epe luzeko konponbidea da eta ahalmen erreserba handiena ematen duena”.



Gobernutik diote bi aukerek programa-akordioa betetzen dutela, “baina bigarren aukera da Sustapen Ministerioak proposatzen duena. Inbertsio handixeagoa eskatzen du, baina erreserba ahalmen handiagoa lortzen duen konponbidea da, bi bide ordez hiru baititu”. Foru administraziotik gogorarazi dute estatua dela trenbide eskumenak dituenak eta hura pagatuko duena. Gobernuak gaineratu duenez, “prestazio handiko trenean inbertitzeak ez dakar dirua gutxitzea Nafarroak dituen premietarako. Nahiz eta premia horiek giza mailakoak izan, edo ekonomia-garapenekoak, edo bestelakoak”. Gobernuak “beharrezkoa” jo du Zaragoza eta Euskal Y lotuko dituen tren korridorea, “Europarekin lotuko gaituena”.

Egungoaren ezaugarriak
Gobernutik azaldu dutenez, egungo trenbideak ez ditu Europako oinarrizko sarearen estandarrak betetzen hainbat alorretan: bidearen zabalera, abiadura, karga, gehieneko malda edo trenen luzera. Egungo trenbidea 1870ean diseinatu zela gogorarazi ondoren. Zatirik gehienean bide bakarra du eta,  “ondorioz, ez du ahalmen nahikorik eskaintzen. Nahiz eta Nafarroan trenbidez oso merkantzia gutxi garraiatu (% 0,71; Espainian, % 4 eta Europan % 17) eguneko zenbait unetan sarea saturatuta egoten da”.