Asteburu gozoa izan da hau Aralar Txirrindularitza Klubarendako, kadete mailan eta juniorren mailan bi garaipen oso garrantzitsu lortu dituztelako.
Batetik, igandean kadeteen mailako Arabako Itzuliko 2. etapa jokatu zen, Artziniegan. Lasterketa gorabeheratsua bikain kontrolatu zuten Aralar klubeko Intersport Irabia taldekoak. Azkenean, Lakuntzako klubeko Inhar Astitz eta Urko Gorriti iritsi ziren batera helmugara eta esprintean Inhar Astitz izan zen azkarrena (1:36:10), bere lehen garaipena lortuaz. Urko Gorritik mendiko sailkapena eta tartekako helmugen sailkapena irabazi zituen. 33 segundora haien taldekide Igor Arrieta uhartearra sartu zen; bera izan zen kadeteen lehen urteko sailkapeneko lehena. Eta laugarrena haien taldekide Aitor Alberdi izan zen, 56 segundora. Taldekako sailkapena Irabiak irabazi zuen.
Burundako Quesos Albeniz taldekoek ere lan ederra egin zuten: Unai Aznar seigarrena sartu zen, Unai Villalobos 9.a, biak 56 segundora, eta haien taldekide Iker Mintegi 12.a, 1:04ra.
Aipatzekoa da Astitzek, Gorritik, Arrietak eta Alberdik lauren artean 11 garaipen lortu dituztela denboraldi honetan. Bestetik, juniorren mailan Intersport Irabaiako Josu Etxeberriak Oñatin eta Liernian jokatutako 3 etapatako Udazkeneko Kriteriuma irabazi zuen eta guztiagatik oso kontentu daude Aralar klubeko arduradunak.