Uztailarekin bizkortu zen gorakada. Tenperaturaren azpian hiriak irmotasuna galdu zuen eta jendetza errari batek estali zituen kaleak. Bururatu zitzaidan orduan, hiriaren bihotzak ez zeukala niretzako lekurik, eta beste batzuen eskuetan utzi nuen, igoaldia leunduko zelakoan.
Baina ez zen eten. Hilean zehar zoramenak gora egin zuen eta itzultzerakoan hiria ahituta zirudien. Baina kontsumitzaileentzako hiriak ezin dira agortu: hiritarrentzat etxebitzitza kopuru zehatza dago eta turistentzat, pisu amaigabeak. Eta zentroaldean mugitzen dira guztiak noraezean, giza artzaien atzetik, kale bihurgunetsuetan barrena.
Sargoria eguzkitik askatu eta gauza guztietan itsasten zen. Atmosfera dentso itogarriaren azpian ibili ginen egun astunetan zehar. Eta gero eta garagardo saltzaile gehiago, bolumena neurrigabe gora egiten eta ohiu etengabeak edonon.
Egunean zehar loditzen zen burrunba, eta egunsentia hil arte luzatzen zen. Eta gainera argazkiak, eta mojitoak, eta selfiak eta paella, eta despacito....
Baina bapatean zerbait apurtu zen nonbait. Ez genekien zer, baina musikak behera egin zuen irratia pizteko. Berriak ahoz aho zabaltzen hasi ziren: zenbaiteengan larri, besteengan kurioso. Egonezina isla zitekeen aurpegietan, eta batzuetan interesa begien atzean, morboa. Inork ez du bere burua fribolotzat saldu nahi, baina errutinaren pitzadurak: kezka eta jakin-gosea .
Arratsaldea aurrera joan ahala, hitzak ere lehortu zitzaizkigun (gertaerak, dakitena, informazioa, dakiguna...), baliogabe.
Zurrumurruen inguruan isiltasun tenk urduria eraiki zen, begiradak lurrerantz zuzentzen zituena. Eta noizean behin, zeruan, helikopteroa.
Etxerako bueltan, denda eta taberna askoren pertsianak igota aurkitu genituen, eta jabeak kanpoan eserita, aulkietan, esperoan. Hiritarrak, bere gotorlekuekin aspertuta, kaleen birkonkistari ekin zioten. Eta hala ere, isiltasuna ezagutzen ez zuten kale horietan, xuxurla galduak baina ez ziren aditzen. Ekaitzaren ostean, hiria bare geratu zen, lasai.
Hurrengo egunetan ekaitza berriak (politikoak) lehertuko ziren: zu errudun, bera errudun, gu errudun.... baina bitartean isiltasuna. Beldurraren mugetatitik haratago, Bartzelonako aldi baterako hiritarrak eta hiritar finkoak errespetuz (isiltasunez) jantzi ziren gauean; negarrez ari zirenentzako errespetuz. Eta isiltasun hori, horren arraroa zen errespetua, mina baina indartsuago zirudien.
Mar Gonzalez Ruiz de Larramendi