Astelehenean XXIV. Sakanako Bizikleta Eguna aurkeztu zuten Sakanako Mankomunitateko egoitzan. “Sakana bizikletaz ezagutzen” lelopean burutuko da urtero ezagunagoa den bizikletaren festa. Irailaren 24an izanen da, goizeko 9:00etan Ziorditik abiatu, Lakuntzan atseden hartu eta Irurtzunen despedituko den proba ez lehiakorra (41,3 km).
Aurkezpenean Amaia Gerrikagoitia Mank-eko kirol teknikaria, Burunda Txirrindularitza Taldeko Jose Antonio Begiristain, Aralar Txirrindularitza taldeko Edy Cerviño eta Mariasun Erdozia eta Barranka Txirrindularitza Taldeko Alberto Ocaña izan ziren. Izan ere, Mankomunitateak antolatzen du eguna, aipatu txirrindularitza taldeen eta Irurtzungo eta Ziordiko udalen laguntzarekin.
“Sakanan bizikletarekiko zaletasun handia dago, betidanik. Horren erakusgarri dira aipatu hiru txirrindularitza taldeak. Azken urte pare hauetan, gainera, osasun betean daude gure taldeak. Urte batzutan behera egin zuen txirrindularien kopuruak, baina gaur egun eskolek hobera egin dute, nabarmen, kopuruan. Burunda eta Aralar kluben artean 90 txirrindulari inguru trebatzen ari dira” aipatu zuen Amaia Gerrikagoitiak. Eta kirol arloan ere ezin hobe doazkie gauzak, emaitza paregabeak lortzen ari baitira bi klubak. Barranka taldekoak, aldiz, btt edo mendi bizikletan aritzen dira eta beteranoagoak direla gaineratu zuen Ocañak.
Sakana ezagutu, Donejakue bidean sakondu, harremanak sustatu eta parte-hartzea handitu
“Eta horregatik guztiagatik antolatu genuen Sakanako Bizikleta Eguna,duela 24 urte. Ibilaldi ez lehiakorra da eta urte hauetan guztietan egonkortu da” nabarmendu zuen kirol teknikariak. Helburuak asko direla aipatu zuen. Batetik, goiz ederra pasatzea, Sakana puntatik puntara zeharkatuz. “41,3 km dira, pertsona askorendako, egin beharreko erronka pertsonala. “Gure herriak, kaleak, ermitak, landaretza, basoak, kaleak, xendak… ezagutu nahi ditugu, bizikletan” azaldu zuen Gerrikagoitiak. Bestetik, eta aurreko urtean hasitako bideari jarraituz, Sakanatik pasatzen zen Donejakue bidea ezagutarazi nahi dute. Horrela, Iturmendiko Aritzaga ermita erromanikoan geldialdia eginen dute. “Aurreko urtean Itxasperri eta Zamartze ezagutu genituen eta aurten Aritzaga. Boluntario batek 10-15 minututan azalpenak emango dizkigu” zehaztu zuen kirol teknikariak. Bizikleta egunaren beste helburu bat Sakanako herri ezberdinen arteko bizilagunen arteko harremana sustatzea da, eta baita adin ezberdinen arteko pertsonena ere. Eta parte-hartzea inguruko herrietara hedatu nahi da: Arabako Lautada, Iruñerria… “Parte-hartzea ere handitu nahiko genuke. Aurreko urtean 400 lagun inguruk hartu zuten parte Sakanako Bizikleta Egunean. Estimazioa da, jende guztiak ez baitu bide osoa egiten. Sartu-irteerak izaten dira. Baina gure estimazioaren arabera 400 pertsona izan ziren guztira parte hartu zutenak. Ea aurten gehiago garen” nabarmendu zuen teknikariak.
Izena ematea, ezinbestekoa
Sakanako Bizikleta Egunean parte hartzeko izena aurretik eman beharra dagoela argi utzi nahi izan zuten antolatzaileek. “Irailaren 18a baino lehen eman behar da izena, Sakanako ikastetxeetan, Mankomunitateko kirol zerbitzuan (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus), zenbait udaletan eta ohiko tokietan. Dohainik da. Nahiz eta soilik herri batean sartu eta hurrengoan atera, izena eman beharra dago, beharrezkoak diren azpiegiturak –autobusa, kamioia, freskagarriak– prestatzeko eta asegurua kontratatzeko. Ezin da izena eman gabe parte hartu” nabarmendu zuten. Izan ere, Mank-ek autobus eta kamioi zerbitzua prestatzen du, txirrindulariak euren herrietan jaso eta Ziordiraino eramateko, proba hasieraraino, eta behin proba Irurtzunen bukatuta, bertatik norbera bere etxeraino eramateko.
Ibilbide klasikoa
Barranka Txirrindularitza Taldeko Alberto Ocaña ordezkariak adierazi zuenez, Ziordia-Irurtzun ibilbidea norabide horretan egiten den ibilbide klasikoa da. “Iturmenditik Aritzagaraino joko dugu, hori da berrikuntza. Bestela, ohiko bidea”.
Ohikoa denez, DYAk zainduko du ibilbidea. Foruzainek ere ibilbidea jarraituko dute. Ildo honetan, antolakuntzaren esanak jarraitzea eskatu dute arduradunek, segurtasun arazorik ez izateko. “Zehaztua dagoen ibilbidea jarraitu, beste biderik ez hartu” eskatu zuten probaren aurkezpenean. Kaskoa derrigorrezkoa izanen da eta txirrindulariek ogitartekoa eraman beharko dute. Mankomunitateak freskagarria banatuko du Lakuntzan egingo den geldialdian.
Bizikleta eguna baino lehen bizikleta puntuan jartzea eskatu zuten ere antolatzaileek. Izan ere, egunean laguntza ematen ariko den mekanikaria eguneko ustekabeko matxurez arduratuko da soilik.
Autobusa eta kamioia goizeko 8:00etan abiatuko dira Irurtzundik, izena eman duten partaideak eta haien bizikletak jaso eta Ziordiraino eramateko. Sakanako Bizikleta Eguna bukatzen denean, kontrako ibilbidea egingo du, partaideak etxera bueltatzeko.