Iskiza Sakana gimnasia erritmiko taldeak 10 urte bete ditu. Eta data borobil hori ospatzeko Altsasuko festetan erakustaldi berezia eginen dute. Ostiralean izanen da, 19:15ean, Iortia Kultur Gunearen parean. “Jaiak, musika, berdintasuna, elkarlana, dantza… Iskiza Sakanak 10 urte bete ditu , dantzaz eta ilusioz beteriko 10 urte. Horregatik, zuekin guztiekin ospatu nahi dugu eta Altsasuko jaietan, ostiralean, Iortia plazan egingo dugun erakustaldi berezira gonbidatzen zaituztegu. Animatu!” diote Iskiza Sakana klubekoek.
Iskizako irakasleak 5 izango dira aurten: Olaia Agirre, Olaia Granizo, Ainhoa Imaz, Cristina Nuncio eta Maria Remolina. Aurten 40 gimnasta inguru trebatuko dituzte. “Data konkretua ez dakigu oraindik, ikasturtea, berez, urrian hasiko dugulako. Baina txapelketa eta lehiaketetara aurkezten diren taldean 20-25 gimnasta inguru egonen dira eta gimnasia erritmikako eskolan 10-15 inguru” adierazi digu Olaia Agirrek.
Ostiralean egingo duten erakustaldi berezia prestatzen dabiltza buru-belarri. “Aurreko urteko denboraldiko ikasle gehienekin prestatu dugu emanaldia. Berezia izango da. 15 koreografia edo dantza inguru eskainiko ditugu eta gimnasia erritmikako elementu edo aparatu guztiak erabiliko ditugu.