V. Irurtzun eta Arakilgo Ganadu Azoka izanen da igandean. Goizean hasiko da azoka, baina herri bazkariaren ondotik izanen da zerekin gozatu, herri kirol jaialdia antolatu baitute. Baina ez edonolako herri kirolak.
Desafio berezia izanen dute aurrez aurre Mikel Genbelzuk eta Jon Lopezek. Lehenak ez du aizkorarekin inoiz ezer erdibitu; bigarrena, aldiz, Sakanako Aizkora Eskolan trebatzen ari da. Baina aurretik duten desafioan ez dute egurrik erdibitu beharko. “Kotxe bat aizkorarekin erdibitzea, hori da desafioa. Youtuben ezaguna da Brutus, aizkorarekin auto bat erdibitzen. Beraren kontra apustua egitea nahi genuen, baina ez du onartu eta azkenean Jon Lopezen kontra ariko naiz. Nik ez dut sekula moztu, ez egurra ez ezer, eta bera egurrarekin hasi berria da. Xantia batzuk ekarri ditugu, eta bakoitzak bat erdibitu beharko du. Kosta egingo zait, seguru, baina saiatuko naiz eta ea zer ateratzen den” adierazi du Mikel Genbelzu irurtzundarrak.
Apustu berezi horretaz gain, aizkora erakustaldia izango da Irurtzunen. Eneko Pagola, Xabi Lizaso, Mikel Razkin eta Beñat Jauregi ariko dira. Berriak guztiak, orain dela gutxi hasiak, hiru Sakanako Aizkora Eskolakoak. Eta, tartean, Mikel Lasartek gidatzen duen Sakanako Harrijasotze eskolan trebatzen diren harrijasotzaileek erakustaldia eginen dute.