Sakanako Garapen Agentziako (SGA) presidente David Orozek eta Fundación Industrial Navarrak lan hitzarmena sinatu zuten hilaren 6an. Akordio horren bidez digitalizazioaren arloan lankidetza jarraiturako esparrua sortu eta bi erakundeak elkarlanean ariko dira. Horren aurreneko fruitua Industria 4.0 eta digitalizazioa lan saioa da, Lakuntzako kultur etxean, gaur goizean eginen dena.
Orozek gogorarazi duenez, Sakanako Plan Estrategikoak ibarreko industria enpresen lehiakortasuna hobetzea du helburu, horretarako haien arteko elkarlana eta berrikuntza sustatuz. Asmo horrekin SGAk eskualdeko adimendun espezializazioa garatzeko aukera-esparruak identifikatzeko lanari ekin zion joan den urtean. Aukera-esparru horietan digitalizazioak garrantzi handia du, identifikatutako esparru guztietan zeharka eragiten dielako.
SGAtik azaldu dutenez, "Oso argi daukagu jadanik abian dagoela ekonomia eraldatzeko prozesua, zeinak digitalizazioaren bidez ezagutzaren ekonomiara eramango gaituen. Aldaketen abiadurak eta etenek aukerak eta mehatxuak sortzen dituzte". Hori horrela, industria-lanpostuak mantentzeko eta hobetzeko teknologia- eta ezagutza-berrikuntza ziurtatuko duten gaitasunak eta bitartekoak eskuratzea beharrezko jo du agentziak, "Sakanaren sozio-ekonomiaren garapena ekarriko duelako".
Hitzarmena
Horrekin batera, "ibarraren garapen estrategiarako sektore arteko elkarlana oinarrietako bat da". Hori dela eta, "helburu horiekin bat datozen erakundeen arteko elkarlana eta sinergiak bilatzea" ezinbesteko jo dute.
Hor kokatzen da SGAk Fundación Industrial Navarrarekin sinatutako akordioa. Lankidetza jarraituak lau esparru hartuko ditu eta helburu horiek lortzera bideratutako jarduketak erraztu, lagundu eta abian jarriko ditu. Alde batetik, prestakuntza sustatuko da, lehiakortasuna eta eraldaketa digitala hobetzeko. Ezagutzen trukaketa da bigarren puntua. Bi erakundeek enpresetan sortutako arazoen aldikako kontsultak jasoko dituzte, haiek konpontzeko informazioa partekatuko dute, eta, adituen laguntzaz, konponbideak bilatzen laguntzeko aukera izanen dute.
Lankidetza hitzarmenaren barruan antolatutako jardueretarako informazioa zabaldu eta parte-hartzaileak erakartzeko lana hartuko dute bi erakundeek. Azkenik, proiektuak sustatuko dituzte. Horretarako, bazkideak opatzeko informazioa eta laguntza emanen dute. Eta hitzarmenaren xede diren proiektuei lotutako kudeatzeko laguntza ere.
Aipatu fundazioa irabazi asmorik ez duen erakundea da, Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialak eta Nafarroako Industria Ingeniarien Elkarteak sortu zutena 2014an. Bere helburua Nafarroaren industria eta ekonomia garapena bulkatzea da, horretarako enpresak lehiakorrago izateko laguntza ematen du. Horretarako, jarduerak antolatzen ditu, haiek eta enpresak elkar lagunduz eta elkarrengandik ikasiz.