Sakanako Garapen Agentziak enplegua eta aberastasuna sortzeko digitalizazioa zeharkako esparru gisa hartu du. Horren inguruan gehiago jakin nahi izan dugu Aintzane Iriberri Sakanako Garapen Agentziako koordinatzailearekin.
Zer da 4.0 industria?
4.0 iraultza digitalak industria produkzioa eta salerosketa aldatuko ditu. Guk, hala ere, nahiago dugu digitalizazioaz aritu. Digitalizazioak ez diolako soilik industriari eraginen, bizitzako arlo guztiei baizik. Aurreko urteetan ibarreko aukera esparruak zein diren hausnartu genuen. Hiru dira: energia, zahartze aktiboa eta birziklapena. Baina horien guztien zeharkakoa da laugarrena, digitalizazioa. Hezkuntza edo merkataritzan eragiten du edo eraginen du digitalizazioak. Guri nola eragiten digun ikusten ari gara eta iraultza digitalerako prest egon behar dugu.
Eraldaketa digital hori ezinbestekoa da?
Digitalizazioaz ari garenean ez gara soilik tresnez ari, pertsonen prestakuntzaz ere ari gara. Teknologia iristen ari da, baina ez gaude prest. Teknologia horrekin proiektuak sortzeko trebakuntza eta gaitasuna lortu behar da. Nola? Hori da kezka. Analfabeto digitalak garela esaten ari dira. Pertsonak hezi behar dira. Errealitate areagotua, dronak… Halakoak nola aplikatu daitezke? Teknologia horiek ezagutu beharra dugu, erabilera bat emateko.
Langile trebatuak eskatzen du horrek.
Enpresa askok eskatzen dituzte langile trebatuak. Emanen dugun trebakuntza enpresako maila guztietarako izan behar du, hasi ikuspegia markatzen duen zuzendaritzatik, erdi-mailako arduradunekin segi eta ekoizpen katean dauden langileenganaino.
Gurean enpresa koxkor batzuk ditugu, baina gehien gehienak txikiak edo ertainak dira. Nola egokitu digitalizaziora?
Esperientziak erakusten digu askoz errazagoa dela enpresa txiki bat digitalizatzea handi bat baino. Azken horietan erresistentzia gehiago daude. Jakina, inbertsioa behar da eta enpresa txikietan hori da zailena. Baina behin inbertsioaren aurreneko pauso hori ematen badu errazagoa da digitalizazioa enpresa txiki batean.
Zein teknologia maila dugu ibarreko enpresetan?
Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak HADA tresna jarri du (Autodiagnostiko Aurreraturako Tresna Aurreratua). Haren bidez enpresek euren digitalizazio maila zein den ezagutu dezakete. Digitalizazio maila zein den jakiteko azterketa sakonago bat egin beharko genuke, baina oraindik pauso handia eman behar dela uste dugu. Gauzak egiteko daude, baina urratsak ematen ari gara. Baditugu teknologia sortzen duten enpresak, Jatorman, Aldakin edo TMI esaterako. Digitalizazioan gauzak egiten ari dira, besteak beste, Laneko, Sapa, Industrial Barranquesa, Magotteaux, Aceros Moldeados Lacunza…
Inbertsioa eskatuko du digitalizazioak?
Edozein gauzak bezala. Industria iraultzan inbertsioak egin zutenek merkatuan abantailak lortu zituzten. Hau aldaketa azkarragoa eta sakonagoa izanen da. Aldaketari aurre hartzea oinarrizkoa da enpresendako. Apustua nora egin behar den argi dago. Prestatuta egon behar dugu.
Elkarlana da gakoa, beraz?
Argi dago enpresa txikien bitartekoak ez direla asko. Baina enpresa txiki askoren artean indarra egin daiteke. Informazioa partekatzea sustatu behar dugu, izan ere, Sakanako Garapen Agentziaren helburua elkarlanean erantzutea baita.