Bertako abere arrazetako animaliak, garaiko nekazal produktuak eta artisau-ogibideak, Irurtzungo kaleetan protagonistak izanen dira berriz igandean. Ekimen horrekin Irurtzun eta Arakilgo Udalek salmenta zuzenean eta ekoizleen parte hartzean oinarrituriko ereduan pausoak ematen jarraitu nahi dute. Eta bidean lagun dituzte Sakanako Garapen Agentzia, bertako arrazen sustapenerako elkarteak, Arbaso Euskal Herriko artisauen elkartea, Belardi Sakanako ekoizleen elkartea eta EHNE-Bizilur.
Bosgarren edizio honetan, aurrekoetan landutako eredua egonkortu eta indartzen da, orain arteko hiru espazioak mantenduz: bertako abere arrazen azoka, nekazari merkatu gardena eta artisau azoka. Arakilgo Alkate Paz Gonzalez Saguesek gogoratu duenez, "betidanik Irurtzunen ganadu azokak antolatu dira eta hemen Arakil guztiko abeltzain eta herritar guztiak biltzen ziren. Tratuak eta harremanak egiteko bilgunea zen. Azoka desagertu zen eta iruditu zitzaigun polita litzatekeela azoka berriz berpiztea". Bi helburu zituzten buruan: "Arakil eta Irurtzun ezagutarazteko eta, bestetik, ekonomia pixka bat sustatzeko".
Orain arteko balorazioaz galdetuta Gonzalezek esan digu "oso ona" dela, "ikusten dugu 5. edizio honekin, nolabait, egonkortu egin dela. Gure helburua erreferente bat bihurtzea da, bai eskualdean bai Nafarroan". Orain arteko formulari eutsi diote eta hiru gune izanen ditu azokak (ikus aldameneko laukia).
Udalak eta ekoizleak eskutik
Berreskuratze lan horretan Sakanako tokiko ekoizleak biltzen dituen Belardiko Aritz Ganboa artzain arbazuarra aritu zen eta azokaren bilakaeraren lekuko da. "Bi nahiek bat egin zuten. Udalek euren lehen sektorea ordezkatzen zuen azoka berreskuratu nahi zuten, sozio-ekonomia alor horri garrantzia eman eta lantzen joateko. Bestetik, Via Campesinaren (EHNE, Bizilur) Arco deialdia (ardura partekatuko nekazaritza) erantzunez, ekoizleen salmenta zuzena indartzea, plazak berreskuratzea, gizartea eta ekoizleak aurrez aurre jartzea eta beste egin nahi zen Belardin. Bi nahiei forma eman genien".
Azokaren antolakuntzan ordezkatuta dauden erakundeen aniztasunari garrantzia eman dio Ganboak. "Elkarlanak fruituak ematen ditu. Bost urte hauetan gai izan gara proiektu parte-hartzaile interesgarri bat izaten". Jendeak azokaren filosofiari eman dion erantzuna ere nabarmendu du artzainak, "kualitatiboki parte hartzea gero eta hobea da. Jendea postuz postu doa eta ekoizleekin hitz egiten du. Gure produktuak erostera hurbiltzen dira. Bere landa eremuarekiko eta kontsumitzen dituen produktuekiko jendearen inplikazio bat dagoela nabari duzu". Azkenik, nabarmendu duenez,"jendeak badaki Irurtzunera zertara datorren: bertako arrazak, gure mendietan egoten den abeltzaintza ereduak..." Belardikoak izaera hori, elkarlanean, beste azoketara zabaltzeko prest daudela gaineratu du.
Berritasunak
Gonzalezek jakinarazi digunez, aurtengo berrikuntza Artzai gazta elkartearen laguntzarekin antolatutako gazta dastaketa eta txapelketa herrikoia izanen da, 12:00etatik aurrera plazan. Epaimahairik ez da izanen, jendeak emandako botoekin erabakiko baitu zein den gaztarik onena. Parte-hartzaileen artean zozketa izango da jarraian eta sariak banatuko dira 14:00etan. Brun forjaren oroigarriak jasoko dituzte gaztagile onenek.
Irurtzungo Pikuxar euskal txokoak bat egin du ospakizunarekin eta egitarauari segida eman dio, 15:00etan herri bazkaria antolatuz. 16:00etan Joxe Anjel Elizalde akordeoilariak giroa alaituko du eta 18:00etan herri kirolak izanen dira. Eguna despeditzeko, 19:00etan Elizalde akordeoilariak dantzaldia eskainiko du. Aurreko urteetan bezala, Plazaola eta Sakanako turismo informazioa izanen da azokan.
Non zer opa dezakegu
Frontoi irekian, abereen gunea:
latxa ardi arpeltz eta mutur gorriak (Aslana), Nafarroako rasa ardi (Arana) eta sasi-ardia (Sasiko), behi piriniarra (Aspina), nafar kasta eta betizua (Asbena,) Auritz arrazako zaldi-behorrak (Ascana) eta Nafarroako jaka (Jacana), euskal oiloak, antzarak (Eoala elkartea) eta euskal astoak.
Foru plazan, azoka gardena:
Belardiko eta EHNE-Bizilurreko 20 bat ekoizlek behi esnekiak, barazkiak, karakolak, ardi latxa esnekiak, loreak, arrautzak, ardoa, eztia, ogia eta pastak, txerrikiak, lekaleak eta bestelakoak ekoizten dituztenen postuak izanen dira.
Lizarra eta Amaia kaleetan, erakusketak eta artisautza:
Erabili (ehuna), Zapatari (oinetakoak), Anitha (paper artisautza), Arnaud Araguas (makilak), Alos40 Joyas (bitxigintza), Artesania del Txoko (kilikiak), Ytam boltsoak (boltsoak), Egilart zeramika (zeramika), Felix Larrañaga (talla), Brun forja (erakustaldia), Kromosoma Tailerra (haurrendako zurezko jostailuen tailerra), Otero pilotagilea (pilotak) eta Redmasai (larrua)
Frontoiaren atzean:
tradizioei loturiko baserriko joko eta jolasak.