Lurrako erraiak, Mendukilon, eta izarrak, Aralartik

Guaixe 2017ko ira. 15a, 11:15

Mendukiloko kobak eta Aralarko santutegia ezagutu eta bertatik izarrak ikusteko astronomia behaketa antolatu dute larunbaterako, 18:15etik aurrera

Plan ezberdin eta berezia egiteko aukera izango dugu larunbatean: Astizko Mendukiloko kobak ezagutu, Aralarko santutegia ezagutu eta santutegian gaudela, bertatik izarrak ikusteko astronomia-behaketan parte hartu. “Lurraren bihotzetik izarretara” izena jarri diote ekimenari eta Plazaola Partzuergo Turistikoak antolatu du, Iruñeko Planetarioaren, Mendukiloko kobazuloen, Aralarko San Migel santutegiaren eta Sakanako Mankomunitatearen laguntzarekin.  

“Mendizerraren erraietan hasiera duen bidaia proposatzen dugu, Astizko Mendukiloko kobazuloetan hasten dena. Ondoren, Aralarko santutegia ezagutzea, gizakiaren eta natura beraren arteko harreman zoragarriaren ehunka urtetako lekuko dena, sinesmenez, mitoz eta kondairaz betetako lekua, goiaingeru santuarekiko debozioa tarteko. Eta, eguraldiak laguntzen badu, espazio zerutarraren handitasuna eta ikusgarritasunaz jabetzeko, tailer astronomikoa, Aralarko santutegitik bertatik” hori da Plazaola Partzuergo Turistikotik aipatu digutena.

Izena emateko
Mendukilon eta Aralarko Santutegian bisita gidatuak izanen dira, eta Planetarioko kideek gidatuko dute astronomia behaketa. Plazak mugatuak dira eta aldez aurretik erreserbak egin behar dira, Lekunberriko Turismo Bulegoan (948 507 205, 948 507 204, oit.lekunberri@navarra.es). Bi talde antolatuko dira: bata, euskaraz, eta bestea, gaztelaniaz. Aipatzekoa da talde bakoitzean 40 pertsonako minimoa eta 50 pertsonako maximoa betetzea beharrezkoa dela. Hortaz, izena ematerakoan hizkuntza zehaztu beharko da.

Prezioari dagokionez, pertsona bakoitzak 10 euroko sarrera ordaindu beharko du eta sarrerak aipatu bulegoan hartu ahalko dira, larunbateko 17:30ak baino lehen.

Hitzordua: bihar 18:15ean
“Lurraren bihotzetik izarretara” txango Astizko Mendukiloko kobazuloetan izango da, 18:15ean. Ordu bateko iraupena duen bisitan, ikus-entzunezkoa ere izango da. Gero, Aralarko santutegira igo eta 20:00etatik aurrera, otordu arina egiteko ordu bat eta laurdeneko tartea izango da eta bitartean, taldeka, santutegiko barnealdea ezagutzeko 20 minutuko bisitak eskainiko dira. Tarte horretan Aralarko taberna zabalik egongo da. Eta, bukatzeko, Aralartik bertatik izarrak ikusteko astronomia behaketa eskainiko dute Planetarioko kideek. Konstelazioak, planetak, izarrak… guztiak ikusteko aukera izango da ordu t´erdi iraungo duen behaketan.

Eguraldia txarra bada edo zerua estalirik badago, behaketa astronomikoaren jarduera santutegiaren barnealdera lekualdatuko da, non ikus-entzunezko baten eta zerua begiztatzen lagunduko duten konexioen laguntzaz, tailer praktikoa egingo den.

Antolakuntzatik arropa beroa emateko gomendioa luzatu dute, kobazuloetan, esaterako, 8 graduko tenperatura egiten duelako.