Sustraik tren publiko eta soziala proposatu du

Guaixe 2017ko ira. 15a, 11:19

Kantauri Mediterraneo korridorearen alde apostu egiten du, Europako oinarrizko sarearen barne, pertsona eta merkantzietarako mistoa, europar zabalera, bide bikoitza. Egungo trenbide plataforma ahalik eta gehien erabili eta aprobetxatuz.

Sustrai Erakuntza fundazioak Trenbide Publiko eta Sozialaren (TPS) aldeko bere proposamena aurkeztu zuen astelehenean, beti ere, gizarte- ekonomia- eta ingurumen-errentagarritasuna bilatuz. Haren oinarria "gaur egungo trenbide baliabideak ahal bezain beste baliatu eta hobetzea da".  Fundazioko kide Pablo Lorentek azaldu zuenez, TPS 2018 eta 2028 urteen artean argitea proposatzen dute. "Jendartearen aurkako, ingurumenaren aurkako, xahutzaile eta ezegokia den Abiadura Handiko Trenaren edo Prestazio Altuko Trenaren (AHT/PAT) aurrean, garraio bide jasangarri, herrikoi eta demokratiko batean datza. Garraio jasangarri bat izateko beharrezkoak diren abantailak dituen garraio bide publiko bat da ohiko trenbidea: kontsumitzen duen energia jatorri berriztagarrikoa izan daiteke, energia kontsumoa beste garraiobide batzuena baino txikiagoa da, lurraldean duen eragina txikiagoa da jada eraikia egonagatik eta eskualdeen, herrien eta hirien arteko lotura ahalbidetzen du".

Lorentek gogora ekarri zuen "inoiz indargabetu ez den plana baina Madril-Sevilla AVE eraikitzeko erabakiaren ondorioz baztertu zen 1987ko Tren Garraiobidearen Planak, Castejon eta Altsasu arteko trenbidearen bikoiztea jasotzen zuela. Bide paralelo berria bere garaian etorkizuneko instalakuntzarako utzitako espazio librea utziz eraikiko litzateke".

Fundaziotik salatu dute Nafarroako Gobernu guztiek, "egungoa barne, aukera berdinaren alde egin dute, AHT-PAT-rena. Egiteko eta mantentzeko garestiagoa den aukeraren alde. Ondorioz Nafarroan ez da gaur egungo tren sarea hobetzearen aukera eta zenbatekoa aztertu. Eta ez da inolako jendarte eztabaidarik izan existitzen diren aukera desberdinen inguruan".



Proposamena
Fundazioaren proposamena egungo trenbidearen bikoiztean oinarritzen da. ˝ Bide paralelo berria jada horretarako aski leku utziaz eginak diren lur-berdinketa, zubi eta gainbideak probestuz eraikiko litzateke". Europako trenbide zabalerara (estuagoa) egokitzeko 3. erraila jartzea proposatzen du. " Horrela egungo gaitasuna bikoiztu eginen litzateke (trenbide ibilbide bikoitza, bide zabalera bikoitzeko bakoitza) mota guztietako trenen eta merkantziei bide emanez, zabalera iberikoa eta europarraz. Ibilbidean egin beharreko hobekuntza puntualak gehitu beharko litzaizkioke horri: tunelak, kurbak, bazterbideak, eta abar".  

Trenbidea hesitua egotea proposatzen du, trenek 160-180 km orduko abiadurak lortu ahal izateko. Hala ere, "hesitzeak ingurumenean izanen lukeen eragina ondo aztertu beharko litzatekeela gaineratu du, animaliendako pasabideak bermatuz.

Horrekin batera, egungo Alvia trenen maiztasuna handitzea proposatzen dute: Madril-Iruñea bidaien maiztasuna 8ra igotzea eta Donsotia-Bartzelona artekoa 6ra handitzea. Neurri horiek guztiek ibilbide luzeetan "zerbitzuaren hobekuntza nabarmena eta, oro har, bidaiatzeko denbora dezente murriztea espero da". Aldi berean, eskualdeko zirkulazio sistema hobetzea eta sustatzea proposatzen du.

Aldiriko eta merkantzia trenak
Sustrai Erakuntza fundazioak aldiriko zerbitzu berria proposatzen du, egunero 05:00etatik 11:00ak arte, orduero. Sakana eta Arabako Lautada hobe lotuko lukeela, ibarra hobe egituratuko lukeela eta zerbitzu hobea emanen lukeela dio. Horretarako trenbidean izandako geltoki eta geraleku guztiak berreskuratzea proposatzen du. Ibarraren kasuan: Izurdiaga, Hiriberri, Uharte Arakil, Lakuntza (deskatalogatuta), Etxarri Aranatz, Bakaiku (deskatalogatuta), Altsasu (herria), Olatzagutia eta Ziordia. Altsasuko tren-geltokia indartu beharko litzatekeela nabarmendu dute.

Merkantzia trenei dagokionez, Sustrai Erakuntza fundazioak bidea hobetzea proposatzen du, "hala beharko balitz, 575 metroko luzerako merkantzia-trenak ibiltzea bermatzeko". Salgaiak garaitzen duten trenek 90 km orduko abiadura izanen luketela proposatu dute. Zenbait tokitan aldapak murrizteko lanak egin beharko direla aurreikusten du. Bi trenbideetan jarriko litzatekeen hirugarren errailak merkantzia-trenek ere erabil lezaketela nabarmendu dute, hala, "mugetan ez litzateke trena derrigorrez aldatu beharko".

Fundazioko kideek, gainera, Europako zabaleran merkantzietarako loturak izateko aukerak ikusten du korridoreko sei puntutan; Altsasu da haietako bat. Bide batez, euren merkantziak errepide bidez garraiatu beharrean trenbidez garraiatzen duten enpresendako ekonomia pizgarriak proposatzen dituzte.

Gaur egun ERMTS segurtasun sistema darabil trenbide korridoreak. Hura ordezkatu eta Europa osorako homogeneoa den segurtasun sistema ezartzea proposatzen dute fundaziotik.

Proposamena
Sustrai Erakuntza fundazioaren web orrian dago proposamen osoa: www.fundacionsustrai.org