Beti izaten da giro Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) antolatzen duen lasterketan, baina aurten oraindik mugimendu gehiago zegoen. Izan ere, aurtengoa 88. edizioa zuen Altsasu Probak, Estatuko proba beteranoenak, eta urte luze hauetan irabazi duen altsasuar bakarrari, Martin Zelaiari, omenaldia egin dio SDAk. Martin Zelaiak zuzenean jarraitu du lasterketa, Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko Ruben Goñi zuzendariarekin batera, eta ikaragarri gozatu dutela azaldu dute biek.
Odei Juango bigarrena
Izan ere, mugitua izan da 88. Altsasu Proba. 124 km luzeko etapan, denetarik egon da, eraso eta mugimendu asko, baina Altamirako azken igoeran, helmugarako 30 kilometroren faltan, erasoa jo du Lizarteko Dzmitry Zhyhunou bieloerrusiarrak, beste bi txirrindularirekin batera, Rural Kutxa talde sakandarreko Odei Juango lakuntzarra eta Euskadi Fundazioko Diego Lopez, eta hirukoa iritsi da batera helmugara. San Juan kaletik bihurgunea hartuta, txirrindulariak nola kokatuko ziren, horrek erabakiko zuela garaipena aipatu du speaker lanak egin dituen Juanmari Guajardo altsasuarrak, Vueltatik itzuli berri, eta azkenean Lizarteko Dzmitry Zhyhunou izan da txapelduna, Odei Juangoren eta Diego Lopezen aurretik. Atzetik ttanttaka txirrindulari gehiago sartu dira, Pablo Villar arakildarra (Quick Step Telcóm Gimex) tartean. Zazpigarrena sartu da Villar, 16 segundora. Tropel nagusia 5:29ra sartu da. Tartean zegoen Lizarte taldeko Asier Ormazabal ziordiarra, sailkapenean 37.a eta Quick Step Telco´m Gimex taldeko Alex Uncilla, 53.a.
Rural Kutxa izan da probako protagonista. Odei Juango bigarrena izan da, Mauricio Moreirak mendiko sailkapena irabazi du eta Rural Kutxa talderik onena. Eta, garrantzitsuena: Euskaldun Torneoko maillota jantzi du Iker Azkaratek. Lazkaokoak azaldu du aurten bi garaipen lortu dituela, “nahi baino gutxiago”, baina gaixotasun batekin nahikoa joa egon dela, eta, horregatik, afizionatuen torneo prestigiotsueneko maillotari eutsi izana pozgarria izan dela. Juangoren garaipenarekin pastelari ginda jartzea, horregatik penatuta zeuden, baina etxeko lasterketan berdea izan da podiumeko kolore nagusia eta kontentu zeuden Rural Kutxakoak. Odei Juangok pena zuen garaipena lortu ez izanagatik, baina aurten hiru garaipen lortu dituen Zhyhunou bieloerrusiarraren kontra irabaztea “oso zaila” dela nabarmendu du. Nolanahi ere, Euskaldun Torneoko lehen nafarraren saria jaso du ere lakuntzarrak eta pozik zegoen. Eta txapeldunak, Zhyhunouk “oso kontentu” zegoela nabarmendu du.
Martin Zelaia, hunkituta
Sari ematea hasi baino lehen Sociedad Deportiva Alsasuak Martin Zelaia omendu du. 80 urteko altsasuarra, txirrindularia bere garaian, Altsasuko lasterketak dituen 88 urtetan proba irabaztea lortu duen altsasuar bakarra izan da. 1960 urtean izan zen. Bere seme Carlos proba irabaztear egon da, bitan bigarrena sailkatu baitzen. Honegatik eta urte luze hauetan txirrindularitza sustatzeko egin duen lan handiagatik –Burunda Txirrindularitza Klubeko sustatzaileetako bat da–, lore sorta eta oroigarria jaso zituen. Seme-alaba eta ilobekin igo zen oholtza gainera, hunkituta. Omenaldia jaso izanagatik oso eskertuta zegoen familia osoa.
Sociedad Deportiva Alsasuan ere kontentu zeuden lasterketak utzitakoarengatik. Proba berezia da oso, beteranoena izateaz aparte Euskaldun Torneoa erabakitzen duelako, eta, horregatik, afizionatuen tropel onena lehiatzen da. Eta horri lasterketa mugimendu eta emozio askokoa izan dela gaineratzen badiogu, are gehiago.