Larunbatean samina zabaldu zen Lakuntzan eta Ziordian. Herri bakoitzeko gizonezko bana hil zen eurek gidatzen zituzten autoak aurrez aurre jo ondoren. A-1 autobian izan zen, Agurain parean, 5:15ean. Ezbeharraren tokira joan ziren osasun zerbitzuek eta suhiltzaileek ezin izan zuten ezer egin. Ertzaintza arduratu da ezbeharra ikertzeaz. Antza, kontrako norabidean sartu zen 38 urteko lakuntzarra. 30 urteko ziordiarra Gasteizera lanera zihoan.
Zirkulazio istripuen ondorioz aurten 3 sakandar hil dira. Asteburuko biei garilaren 20an motor istripuan hildako gazte irurtzundarra gehitu behar zaie. Joan den urtean lau izan ziren Sakanan izandako istripuetan hildakoak, haietako hiru sakandarrak. Haietako bat argitu gabe dago: gauez etxera oinez zihoan gazte arbizuarrarena, auto gidariak ihes egin zuena.