Asteburuan hasi da preferente mailako 2017/2018 denboraldia. Sakanako taldeek etxean ekin zioten denboraldiari, baina horrek ez zien zorterik eman, bi taldeek galdu egin baitzuten.
Lakuntzan, Lagun Arteak eta Aibarések partida nahiko kaskarra eskaini zuten. Lagunekoak hobe aritu ziren, baina hiru puntuak Oibarrera aldegin zuten. Partida hasi eta berehala, bigarren minutuan, Markelek Lagun aurreratu zuen, baina poztasunak gutxi iraun zuen, zortzigarren minuturako berdindu baitzuen Aibarések. Bigarren zatian hobeto aritu ziren lakuntzarrak; bi aukera oso garbi izan zituzten, baina huts egin zuten. Baina Oibarkoak izan ziren lakuntzarren atean asmatu eta hiru puntuak eraman zituztenak.
Eta Etxarri Aranatzen hasieratik hartu zuten aurrera Mutilbera B taldekoek. 3. Minuturako aurreratu ziren Mutiloakoak. Etxarrikoek gol aukerak sortu zituzten eta partidan sartzen hasi ziren, baina sortutako jokaldiak ez ziren gauzatzen. Eta egoera gehiago okertzeko, atsedenaldia baino lehen bigarrena sartu zuen Mutilberak. Bigarren zatian ere saiatu zen Etxarri, baina baloiak ez zuen kontrako atean sartu nahi, eta bukaera aldera hirugarren gola sartu zuen Mutilberak. Horrela despeditu zen partida.
Sailkapenean Lagunak da liderra (3 puntu). Lagun Artea 11.a eta Etxarri Aranatz 16.a dira, punturik gabe. Asteburuan Mutilbera B taldearen kontra jokatuko du Lagun Arteak Mutiloan eta Urroztarra izango du aurkari Etxarri Aranatzek, Urrotzen.
Altsasu asteburuan hasiko da
Asteburuan hasi zen ere erregional mailako 2017/2018 denboraldia. Lehen multzoan lehiatuko da Altsasu, Lagunak B, Beti Kozkor B, San Ignacio, Berriozar, Aurrera, Amaya, Salesianos, Lekun eta Gazte Berriak taldeekin batera. San Ignazioren kontra aritzekoa zen Altsasu lehen jardunaldian, baina festak direla eta, partida urriaren 12ra atzeratzea erabaki zuten bi taldeek.
Sailkapenean Lagunak B taldea da liderra (3 puntu). Altsasu 8.a da, punturik gabe. Asteburuan Dantzalekun jokatuko du Altsasuk, Lagunak B taldearen kontra.