Aurreko urtean Ezkurdia izan zen Sanmateotako txapelduna, Beñat Rezustarekin batera. Aurten ere hautagai nagusienetako bat dela erakutsi zuen atzo arbizuarrak. Albisurekin osatu zuen bikoa eta bikain moldatu ziren biak. Irribarriaren eta Urrutikoetxearen kontra jokatutako partidan, atzeko koadroetan Jon Ander Albisuk agindu egin zuen. Urrutikoetxea gupidarik gabe bonbardeatu zuen. Egoera hori bikain aprobetxatu zuen arbizuarrak eta, horrela, Adarragan jaun eta jabea izan zen Ezkurdia, San Ferminetan erakutsi zuen joko bikain berbera eginaz.
Erasoan oso ausarta izan zen Ezkurdia, eta bere baliabide guztiak bikain erabiliz, errematea bereziki, bere aldera eraman zuen partida. Sekulako erakustaldia eman zuen arbizuarrak. Hasieran 11 eta 3 aurreratu ziren Ezkurdia eta Albisu, eta nahiz eta Irribarria eta Urruti 15 eta 12ra gerturatu, hortik aurrera agintea hartu zuten arbizuarrak eta ataundarrak eta zuzenean 22 eta 12raino joan ziren. Torneoko lehen puntua lortu dute, eta oso kontuan hartzekoak direla erakutsi dute biek.
Olaizola II.a eta Zabaleta, asteazkenean
Sanmateotako torneoan, Olaizola II.a eta Zabaleta asteazkenean sartuko dira lehian. Hain zuzen ere, Irribarria eta Urrutikoetxea izango dituzte aurkari. Ostiralean, Goizuetakoa eta Etxarrengoa Ezkurdiaren eta Albisuren kontra lehiatuko dira.
Gaur, Bakaikoa lehian
Gaurko Sanmateotako torneoko jaialdia zabaltzen duen partidan, Elordi eta Merinoren kontra ariko dira Joanes Bakaikoa etxarriarra eta Urretabizkaia II.a.