Borobila izan da asteburua Burunda txirrindularitza klub sakandarreko Quesos Albeniz taldearendako. Lehenik eta behin, larunbatean juniorren eta 2. urteko kadeteen lasterketa jokatu zen Tafallan, XII. Suministros Urvaca lasterketa. Laukote bat iritsi zen helmugara eta esprintean Quesos Albeniz taldeko Ailetz Lasa ziordiarrak irabazi zuen lasterketa (1:30:58). Meritu handia Lasarena, hainbat arrazoi direla medio soilik taldekide bat zuelako tropelean, Iosu Jaka. Beñat Etxezarreta (Intersport Irabia) 6.a sailkatu zen eta 1:01era sartu zen, Jon Gil lakuntzarra (El Caserio Valsay) 7.a sailkatu zen, 1:04ra, eta probako lehen kadetea izan zen eta Josu Etxeberria (I.I.) 9.a sailkatu zen, 2:31ra.
Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Imanol Galarza (I.I.) 13.a sartu zen, Xabier Mauleon (I.I.) 19.a, Inhar Astitz (I.I.) 23.a, Javier Mitxaus (I.I.) 32.a, Urko Gorriti (I.I.) 36.a eta Iosu Jaka (Q.A.) 43.a. Intersport Irabia taldekako sailkapenean hirugarrena sailkatu zen.
Arabako Itzulian Quesos Albeniz eta Aznar nagusi
Igandean kadeteen mailako Arabako Itzuliko 3. eta azken etapa jokatu zen Dulantzin. Lasterketa oso nahasian, Vive taldeko Pablo Castrillo bakarrik iritsi zen helmugara (1:23:37). Lehen hamar postuak kontuan hartuta, Igor Arrieta (I.I) hirugarrena sartu zen, Unai Villalobos (Q.A.) laugarrena eta Jon Gil (E.C.V.) zortzigarrena.
Baina sailkapen orokorrean iritsi zen poztasuna, Arabako Itzulia Quesos Albeniz taldeko Unai Aznarrek irabazi baitzuen (4:30:34). Aralarko Intersport Irabia taldeko Aitor Alberdi bigarrena sailkatu zen, denbora berean. Unai Villalobos (Q.A.) seigarrena izan zen, 39 segundora, Iker Mintegi (Q.A.) zazpigarrena, 1:07ra eta Urko Gorriti (I.I.) 9.a, 3:05era. Horretaz gain, Unai Aznarrek mendiko txapelketa irabazi zuen eta lehen urteko kadeteetan lehena izan zen eta bere taldeak, Quesos Albenizek, Arabako Itzuliko talde onenaren saria jaso zuen. Bestalde, tarteko helmugen saria Intersport Irabiako Unai Gorritirendako izan zen. Beste asteburu batean talde sakandarrek goian jarraitzen dutela erakutsi dute berriz.