Fernando Goñik, Patxi Eugik, Peio Martinez de Eulatek eta Juan Martinez de Irujok 2015ean Elkarpelota sortu zuten, pilotariak trebatzeko zentroa. Orain arte Imarkoainen zuten egoitza, eta ordutik ikasturte bakoitzeko 50 ikasle trebatu dituzte. 2017/2018 ikasturterako Imarkoaingo egoitzaz gain, saltoa eman eta Sakanan egoitza zabaltzea erabaki dute, Etxarrengo frontoian hain zuzen. Asmoa urrutik aurrera, asteartetan eta asteazkenetan, Etxarrenen pilota formakuntza espezializatua eskaintzea da.
“Sakanatik, Larraundik eta inguruko herrietatik datorren eskariari erantzuteko zabalduko dugu Etxarrengo egoitza. Toki interesgarria da, inguruko herrietako bilgunea, eta bertako gaztetxoei Sakanan bertan trebatzeko aukera eskaini nahi diegu, Imarkoaineraino mugitu gabe. Uste dugu erantzun ona izango dugula” azaldu zuen Fernando Goñik ElkarPelotaren 2017/2018ko denboraldiaren aurkezpenean. Azken bi urte hauetan Imarkoainen pilotari sakandarrak trebatu dituzte
ElkarPilotan talde txikietan eskaintzen da pilota formakuntza, eta ordu bateko saioak dira, eskuek pilota gogorrarekin gehiegi sufritu ez dezaten. Eugi, Goñi, Martinez de Eulate eta Martinez de Irujo dira entrenatzaileak. Helburua, beste klubetako kideak diren eta beste klubetan trebatzen diren pilotariei prestakuntza bereziagoa eskaintzea da, alde taktikoak, teknikoak eta fisikoak lantzea, pilotariek kalitatean gora egin dezaten. ElkarPelotatik nabarmendu dute harreman oso ona dutela Sakanako pilota klubekin eta Sakanan egoitza zabaltzearekin horren pilotazalea den bailaran orain arte baino inskripzio gehiago izango dituztela espero dutela. Izan ere, ElkarPelota taldearen helburua, Nafarroan pilota sustatzea da, pilotariak sortzea. “Gehitzeko gaude hemen, laguntzeko. Pilotak gora egitea eta duela urte batzuk zituen lizentzietara iristea, hori nahiko genuke. Guk ez badugu gure kirola zaintzen, ez du inork zainduko” gaineratu zuen Irujok, aurkezpenean.
Informaziorako edo izena emateko
662 467 875 edo elkarpelota@gmail.com