Emakume askok egiten dute korrika. Beste asko ere animatuko ziren, baina korrika egiteko teknikak zeintzuk diren ez dakizkite, korrikan nola hasi, luzaketak egin behar diren hala ez… Horrela, emakumeei korrika egiteko beharrezko prestakuntza eskaintzeko duela 6 urte Sakanako Emakumeendako Atletismo Eskola antolatu zuen Sakanako Mankomunitateak. Erantzuna primerakoa izan zen. Aurreko urtean, lehenengo aldiz, bi talde sortu ziren: hastapenekoa, hasi berriak ziren emakumeendako, eta hobekuntza taldea, esperientzia zutenendako. 19 emakume trebatu ziren hastapenekoan eta 12 hobekuntzakoan; beraz, 31 emakume guztira.
Bi aukera: hastapena edo hobekuntza
Aurten ere Sakanako Emakumeendako Atletismo Eskola antolatu du Mank-ek 18 urtetik gorako emakumeendako. Horretarako, Altsasuko Udaleko Emakumearen Bilgunearen eta kirol zerbitzuaren, Iñigo Aritza ikastolaren eta Dantzaleku Sakana Atletismo Taldearen laguntza izan du Mank-ek.
Emakumeen Atletismo Eskolaren 6. edizioa izango da aurtengoa, 2017-2018 denboraldia. Urriaren 20an hasiko da eta maiatza bitartean, ostiralero atletismoaren nondik norakoetan trebatuko dira izena ematen duten emakumeek, Aitor Mozo Villanueva lakuntzarraren begiradapean. 17:15etik 18:00etara hastapen ikastaroa izanen da, atletismoan lehen aldiz murgiltzen diren emakumeendako, eta18:00etatik 19:15era hobekuntza ikastaroa, esperientzia dutenendako.
Urriaren 6ra arte
Izena ematea zabalik dago, urriaren 7ra arte, Mank-eko kirol zerbitzuan (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus).