Sanmateo Torneoa sorpresa handiak uzten ari da. B multzoan, esaterako, ikusmina handia sortu zuen Irribarriak eta Urrutikoetxeak sortutako taldeak, baina horrek ez du emaitzetan eraginik izan. Izan ere, Ezkurdiak eta Albisuk 22 eta 12 irabazi zieten. Partida horretan Urrutikoetxeak mina hartu zuen eta atzo Larunbek ordezkatu behar izan zuen. Eta aipatzekoa da atzo Olaizola eta Zabaleta euren gainetik pasa zirela, zapalmakinak bezala, 9 tantotan utzi baitzituzten.
Aimar Olaizolak eta Jose Javier Zabaleta etxarrendarrak elkarrekin jokatzen zuten bigarren aldia zen atzokoa. Aurretik uztailaren 26an elkarrekin aritu ziren, Ordizian, Irribarriaren eta Rezustaren kontra. Ikusgarri aritu ziren orduan –22 eta 10 gailendu ziren– eta atzo ere horrela ibili ziren. Errodiloa bezala, aurretik jarritako guztia zapaldu egin zuten Olaizolak eta Zabaletak. Goitik behera kontrolatu zuten partida; atzean, Zabaletak Larunbe dominatu zuen, eta Olaizolak hori aprobetxatu zuen bere nahia egiteko, Irribarriaren kalterako. Azkenean, 22 eta 9 irabazi zuten.
Bi sakandarren arteko finalerdia
Sanmateotako Torneoko igandeko finala nork jokatuko duen erabakiko da egunotan. B multzoan, Ezkurdia-Albisu eta Olaizola II.a-Zabaletaren arteko ostiraleko partidatik aterako da finalista (19:15ean, ETB1). Maila ikusgarriarekin daude bi bikoak eta lehia oso estua espero da.
A multzoan gaur erabakiko da nor iritsiko den igandeko final handira. Izan ere, gaur, 19:15ean, Altuna III.a eta Untoria Victorren eta Rezustaren kontra ariko dira eta partida horrek erabakiko du guztia. Victor eta Rezusta, 20 tanto lortuz gero, finalean leudeke; Altuna III.a eta Untoriak, aldiz, arerioak 10 tantotan edo gutxiagotan utzi beharko lituzkete finalera sailkatzeko. Eta Bengoetxea VI.a eta Merino II.a finalera heltzeko, Altuna III.ak eta Untoriak 22 eta 19 eta 22 eta 11 tarteko aldearekin irabazi beharko lukete.