Ibarreko erakundeak astelehenean egindako bilkuran hondakinen kudeaketa egokirako lau lanei aurrekontua ezarri zien. Dagozkien deialdiak eta bestelako tramiteak egin ondoren lanak lehenbailehen hasi nahiko lituzketela esan digu David Oroz Alonsok, Sakanako Mankomunitateko presidenteak.
Mank-en batzarrean onartutako lanen artean Arbizuko hondakindegian egiteko bi daude. Haietako bat konpostatze planta da, 70,4 x 25,4 metroko eraikina izanen duena. Berria delako beharrezko sare guztiak jarri beharko dira ere. Arbizuko hondakindegian lixibiatuen baltsaren eta zamalanetako kaiaren artean kokatuta egonen da. Planta horren kanpoko aldean eginen den porlanezko zelaian materia ibarreko materia organikoa pilatuko da, egituratzailearekin nahastu eta xehetuko da. Ontzeko plantara sartuko da. Urtean 3.000 tona konpost sortzeko gaitasuna izanen du. Haren lanak 855.848,92 euroko aurrekontua dute. Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planeko 565.850,53 euro horretara bideratuko dira eta Nafarroako Hondakinen Partzuergoko beste 141.462,63 euro ere.
Arbizuko hondakindegiko zamalanetako kaian kamioien gabarrak sartu eta bertan hondakinez kargatzen dira tratamendu plantetara eramateko. Plastikoen kasuan haizeak eraman egiten ditu eta hori eragozteko kaia erabat itxiko da. Horretarako, egungo eraikinari 102 metro karratuko beste eremu bat gehituko zaio (20,4 m fatxada, 5 m zabal eta 8 metro altu) eta ateekin ixteko aukera izanen da. Aurrefabrikatutako hormigoi armatuz eginen da eraikin berria. Lanen aurrekontua 125.065,2 eurokoa da.
Bestalde, garbiguneen bidez ingurumenarendako bereziki arriskutsuak diren hiri hondakinak bereizirik jaso nahi dira, eta halakoak edozein tokitan ez botatzeko. Gainera, hondakin horietako asko berrerabili, birziklatu eta balorizatzeko aukera dago. Sakandarrak hondakinen gaikako bilketan laguntzeko, bai Altsasun bai Ziordian eraikiko diren garbiguneetan hondakinak sailkatuta jasoko dira eta han denbora tarte batez egonen dira, Hondakinen Zerbitzuak dagokien tratamendu plantara eraman arte. Bi garbigune horien lanak Mank-ek Toki Azpiegituren Planeko 56.082 eurorekin eta Nafarroako Honakinen Partzuergoaren 248.001,03 euroko diru-laguntzarekin ordainduko ditu.
Altsasuko garbigunea
Udalak Pilotajauku dermioan duen biltegiaren ondoan eginen da garbigunea, bidea bitan banatzen den tokian. Hiruki formako espazio bat hartuko du. 917 metro karratuko larrea da eta hara sare guztiak eraman beharko dira: urarena, saneamendu sarea, euri urak jasotzekoa, argindarrarena eta telekomunikazioena. Aurrefabrikatutako porlanezko moduluekin eginen da garbigunea eta barruan edukiontziak eta bidoiak izanen ditu. Kanpoko aldean edukiontzi batzuk jarriko dira ere, esaterako, inausitakoa jasotzeko. Ingurua itxita izanen du, ibilgailuak sartzeko lau ate izanen dira eta oinezkoendako bakarra. Lanek 310.773,02 euroko aurrekontua dute.
Altsasuko garbigunean etxean sortutako hondakinak jasoko dira bakar-bakarrik, honako hondakinak: pintura produktuak (pintura tubo eta poteak, disolbagarriak, dekapatzaileak…), ibilgailuen produktuak (olioak, bateriak, iragazkiak, izotzaren kontrakoak eta bestelako likidoak), bestelako produktu bereziak (fluoreszenteak, ibilitako olioak, pilak, aerosolak, zerak, barnizak eta bestelako garbiketa-produktuak), bestelako hondakinak (etxetresna-elektriko txikiak, arropa, egurra, jostailuak…), aparailu tekniko eta elektronikoak edota tamaina handikoak (altzariak, tresneria, obra txikietako hondakinak eta abar).
Ziordiko garbigune txikia
Elizaren iparraldean, atzean dagoen kalean eginen da garbigune txikia. 388 metro karratu izanen ditu eta 30 metro bider 3 metroko itxitura izanen du. Bultzatzearekin zabaltzen diren lau ate izanen ditu garbiguneak. Eta barruan lau edukiontzi izanen ditu eta bakoitzean hondakin mota bat jasoko da: inausitakoa, altzariak, etxetresna-elektrikoak eta obra txikietako hondakinak. Etxetresna-elektrikoak 4 x 2 metroko txapazko edukiontzi itxi batean jasoko dira, gainontzeko hiru hondakinendako edukiontzi ireki bana izatea aurreikusten da. Sor litezkeen hondakin-urak jaso eta saneamendu sarera bideratzea aurreikusten da ere. 64.427,44 euroko aurrekontua izanen du.