Aurten berrikuntzekin dator XIII. Ergoienako Bira. Orain arte irailean antolatzen zen, beti arratsaldez, urtero Ergoienako herri batean, txandakatuz. Aurten, Ergoienako Bira lasterketa Ergoienako Egunean txertatu du Ergoienako Udalak. Hain zuzen ere Ergoienako Eguna larunbatean ospatuko da, Lizarragan, egun osoko egitaraua izango du eta lasterketa goizez antolatzea erabaki dute.
Horrela, larunbatean, goizeko 9:00etatik aurrera Ergoienako Biran parte hartu ahal izateko izena emateko epea zabalduko da. Goizeko 10:00etan haurren lasterketak jokatuko dira, kategoriaka, eta goizeko 11:00etan, aldiz, helduen proba (8,5 km). Ergoienako Udalak antolatu du lasterketa, hainbat talde eta babesleren laguntzarekin.
Probari dagokionez, Ergoienako Birak Lizarraga, Dorrao eta Unanu lotzen ditu. Proba oso gorabeheratsua da, erritmo aldaketaz, aldapaz eta bihurgunez josia. Proba gogorra, finean. Lizarragatik aterata, Dorrao eta Unanu gaindituko dituzte korrikalariek; atzera era Dorratotik pasako dira, Unanura heldu eta Lizarragako helmugara iristeko.
Bukaeran, Lizarragako Kontzejuak hamaiketakoa eskainiko die korrikalariei. Lehendabiziko hirurek, gizonezkoek eta emakumezkoek, saria jasoko dute, eta korrikalarien artean Ergoienako produktuez osatutako loteak zozketatuko dira.
Aurreko urtean Dorraok hartu zuen Ergoienako Bira eta Dani Martinez iruindarra eta Izaskun Beunza olaztiarra izan ziren txapeldunak.
Sakanako Koparako baliagarria
Ergoienako Bira Sakanako Kopa-Lasa Kirolak Sarirako puntuagarria da. Egun, emakumezkoetan Izaskun Beunza eta Ginesa Lopez daude Kopako lehen postuan eta Txaro Ondarra, Amaia Etxeberria eta Irati Azkargorta dira bigarrenak, puntutara berdinduta. Gizonezkoetan, Felix Benjumea da liderra eta Raul Audikana eta Antton Zelaia bigarrenak, puntutara berdinduta. Ergoienako Birak, urriaren 21ean jokatuko den Sakanako XVI. Herri Lasterketak eta abenduaren 8an Altsasun Zubeztia elkarteak antolatzen duen Barrikarteren XXXVI. Oroimenezko Oinezko Lasterketak erabakiko dute Sakanako Kopa-Lasa Kirolak Saria.