“Sakana bizikletaz ezagutzen” lelopean burutuko da urtero ezagunagoa den Sakanako bizikletaren festa. Igandean, goizeko 9:00etan Ziorditik abiatu, Lakuntzan atseden hartu eta Irurtzunen despedituko da XXIV. Sakanako Bizikleta Eguna (41,3 km). Sakanako Mankomunitateak antolatzen du, Barranka, Burunda eta Aralar Txirrindularitza Taldeen eta Ziordiko eta Irurtzungo Udalen laguntzaz.
Aritzagan geldialdia
Sakanan txirrindularekiko zaletasun handia dago. Hiru talde daude, Burunda, Aralar eta Barranka, primerako osasuna dutenak. “Eta horregatik guztiagatik antolatu genuen Sakanako Bizikleta Eguna, duela 24 urte. Ibilaldi ez lehiakorra da eta urte hauetan guztietan egonkortu da” nabarmendu zuen aurkezpenean Amaia Gerrikagoitia Mank-eko kirol teknikariak. Goiz ederra pasatzea da helburua, Sakana puntatik puntara zeharkatuz eta gure herriak, kaleak, ermitak, landaretza, basoak, kaleak, xendak… ezagutuz.
Aurreko urtean hasitako bideari jarraituz, Sakanatik pasatzen zen Donejakue bidea ezagutarazi nahi dute. Horrela, Iturmendiko Aritzaga ermita erromanikoan geldialdia eginen dute. “Aurreko urtean Itxasperri eta Zamartze ezagutu genituen eta aurten Aritzaga. Nicolas Arbizu iturmendiarrak 10-15 minututan Donejakueko bidearen eta Aritzagaren inguruko azalpenak emango dizkigu” zehaztu zuen kirol teknikariak. Bizikleta egunaren beste helburu bat Sakanako herri ezberdinen arteko bizilagunen arteko harremana sustatzea da, eta baita adin ezberdinen arteko pertsonena ere. Eta parte-hartzea inguruko herrietara hedatu nahi da: Arabako Lautada, Iruñerria… Aurreko urtean 400 lagun inguruk hartu zuten parte Sakanako Bizikleta Egunean. Iganderako eguraldi ona iragarri dute eta parte hartze handia espero da. “Jende asko animatu da, familia osoak deitu dute izena emateko” azaldu digu Mank-eko kirol teknikariak.
Izan ere, Sakanako Bizikleta Egunean parte hartzeko izena aurretik eman beharra zegoen ikastetxeetan, Mankomunitatean eta ohiko tokietan. Dohainik da, baina autobusa, kamioia, aseguruak eta beharrezko azpiegiturak antolatzeko aurretik izena ematea beharrezkoa zen.
Ibilbide klasikoa
Barranka Txirrindularitza Taldeko Alberto Ocaña ordezkariak adierazi zuenez, Ziordia-Irurtzun ibilbidea norabide horretan egiten den ibilbide klasikoa da. “Iturmenditik Aritzagaraino joko dugu, hori da berrikuntza. Bestela, ohiko bidea”.
DYAk zainduko du ibilbidea. Foruzainek ere ibilbidea jarraituko dute. Ildo honetan, antolakuntzaren esanak jarraitzea eskatu dute arduradunek, segurtasun arazorik ez izateko. “Zehaztua dagoen ibilbidea jarraitu, beste biderik ez hartu” eskatu zuten probaren aurkezpenean. Kaskoa derrigorrezkoa izanen da eta txirrindulariek ogitartekoa eraman beharko dute. Mankomunitateak freskagarria banatuko du Lakuntzan egingo den geldialdian.
Bizikleta eguna baino lehen bizikleta puntuan jartzea eskatu zuten ere antolatzaileek. Izan ere, egunean laguntza ematen ariko den mekanikaria eguneko ustekabeko matxurez arduratuko da soilik.
Autobusa, 8:00etan
Autobusa eta kamioia goizeko 8:00etan abiatuko dira Irurtzundik, izena eman duten partaideak eta haien bizikletak jaso eta Ziordiraino eramateko. Sakanako Bizikleta Eguna bukatzen denean, kontrako ibilbidea egingo du, partaideak etxera bueltatzeko.