Iganderako eguraldi polita iragarri dute eta, beraz, gozamena izango da Beriainera hurbiltzea, gure mendi ikusgarriaz gozatzeaz aparte, zuzenean Uharte Arakil-Berian Km Bertikala jarraitu ahal izateko. Ohi denez, Beriainera bitarteko maldak, azken aldapa gogorrenak, bereziki, korrikalariak animatzera igoko diren zalez beteko dira eta giro ikusgarria aurreikusten da. Izan ere, Aralar Mendi elkarteko mendi klubak, Uharte Arakilgo Udalak eta Nafarroako eta Euskal Mendi Federazioek, hainbat babeslerekin batera, etzi, igandean, aipatu probaren 9. edizioa antolatu du.
Urte honetara arte, Euskadiko Km Bertikalen Koparako puntuagarria izaten zen
Uharte Arakilgo proba, baina aurten Euskal Herriko Mendi Lasterketen Konbinatuko Txapelketarako baliagarria izango da. “Apirilaren 23an Oñatin jokatutako Aloñako maratoi erdiak, ekainaren 3an Leitzan jokatutako Euskal Herriko Mendi Erronka Ultrak eta Uharte Arakilgo Km Bertikalak puntuatuko dute. Finean, distantzia guztiak kontuan hartuta hobekien moldatu diren korrikalariak saritu nahi dituzte” azaldu digu Aralar Mendiko Juanjo Goikoetxeak.
Ibilbidea:5 km aldapatsu eta gogor
Dortsalen banaketa herriko plazan egingo da, goizeko 8:00etatik aurrera. Helmugara igotzeko arroparen bilketa, berriz, 9:00ak arte eginen da. Goizeko 10:00etan abiatuko da proba Uharte Arakilgo frontoitik. Aurten, proba kronometratua izan beharrean, korrikalari guztiak batera aterako dira. “Korrikalariek beraiek hala proposatuta hartu dugu guztiak batera ateratzeko erabakia. Gure probak hori ahalbideratzen du, herritik igerilekuetara bitarteko 300 m horietan korrikalariek nahi duten tokian kokatzeko aukera badutelako. Euren eskakizuna kontuan hartu dugu; ikusiko dugu nola ateratzen den, ez dugu uste trabarik sortuko dela” gaineratu du Goikoetxeak. Aralar Mendiko kideak azaldu duenez, “ez dakigu aldaketarengatik den edo ez, baina korrikalari asko animatzen ari dira Km bertikalean aritzera eta 200 korrikalarien kopuruko muga 220ra zabaltzea erabaki dugu”.
Uharte Arakildik (471 m) aterata Beriaingo San Donato ermita izango dute helburu parte hartzaileek (1494 m). Proba motza da, baina intentsitate handikoa: 5 km-ko lasterketa, baina 1.023 metroko desnibelarekin eta sekulako etapa eta maldekin, San Donato baselizara iristeko azken maldak, bereziki. Bidean zaleen berotasuna eskertuko dute korrikalariek.
220 korrikalari, puntakoak
Aurreko urtean 145 korrikalari aritu ziren, tartean 18 sakandar, eta euri, haize eta lainopean Aitor Osa (40:30) eta Maria Zorroza (49:27) izan ziren txapeldunak. Zorrozak, gainera, aurretik Leire Agirrezabalek zuen errekorra 20 segundotan hobetu zuen. Sakandarren artean Aritz Munarriz (46:49) izan zen azkarrena. Esan bezala, aurten korrikalari ugari espero dira, tartean punta-puntakoak: Aitor Osa, Imanol Goñi, Raul Garcia, Beñat Kararain, Jose Luis Beraza, Aritz Munarriz, Maider Fraile eta abar.
Aipatzekoa da Uharte Arakil-Beriain Km Bertikala zuzenean jarraitzeko aukera izango dela, Estatu mailako Km bertikalak jarraitzen ibiltzen diren Madrilgo zale batzuk baimena eskatu eta baiezkoa eman dietelako Aralar Mendikoek.
Errekorra: Aitor Osa (39:54) eta Maria Zorroza (49:27)
Eguerdiko 13:15 aldera hasiko da sari ematea. Emakumeendako eta gizonezkoendako sariei dagokienez, txapeldunek garaikurrak, txapela eta 300 euro jasoko dituzte, bigarrenek garaikurra eta 150 euro; eta hirugarrenek garaikurra eta 100 euro. Beteranoendako eta 18 urtez azpikoendako txapeldunendako garaikurra izanen da. Bestalde, errekorra apurtuz gero, 300 euroko saria dago jokoan. Errekorra 2015ean ezarri zuen Aitor Osak (39:54). Aldiz, emakumezkoen errekorra aurreko urtean, 2016an ezarri zuen Maria Zorrozak (49:27). Horretaz gain, Euskal Herriko Mendi Lasterketen Konbinatuko Txapelketako sariak banatuko dira.
https://vimeo.com/187801557
2016ko Uharte Arakil-Beriain probari buruz egindako bideoa ikusteko.