Aranazko eta Burundako 2.450 ikaslek erizain bat izanen dute ikastetxean ikasturte honetan. Nafarroako Gobernuko Osasun eta Hezkuntza Departamentuen eta Nafarroako Erizainen Elkargo Ofizialaren lankidetzaren emaitza da hori. Esperientzia pilotu honen helburua osasun eragileen eta eskola erkidegoaren arteko lankidetza eredu bat definitzea da, gero Nafarroa osora zabaltzeko. Erizainak bizitza-ohitura osasungarriak sustatuko ditu eta arriskuak adin goiztiarretatik prebenitzeko lanean ariko da. Edo bestela esanda, esku-hartze goiztiarra sustatu nahi da sedentarismo joeraren, elikadura-ohitura txarrak izatearen edo toxikoak hartzearen ondorioz gero eta handiagoak diren osasun-arazoetan.
Eskola Erizaintzako programa garatzeko lehen fasearen aurreikuspenen arabera, 850 ikasle artatuko ditu Etxarri Aranazko osasun eskualdean (Haur eta Lehen Hezkuntzako 7 eta DBHko 1) eta 1.600 Altsasuko osasun eskualdean (Haur eta Lehen Hezkuntzako 4 eta DBHko 1). Bi osasun etxeetako pediatria (14 urtera arte) eta Lehen Arretako zerbitzuekin koordinatuta ariko da erizaina. Etxarri Aranazko osasun etxean jakinarazi digutenez, erizaina, lanaldi osoan, lastailaren 2an hasiko da lanean. Hasi eta abendua bitartean helburuak zehazteko eta planifikatzeko fase bat izanen da. Ilbeltza eta maiatza bitartean eskola-elkartearekiko lankidetzan zehaztutako tailerrak eta jarduerak garatzea aurreikusita dago, eta garagarrilean, egindako lana ebaluatzeko prozesu bat gauzatuko da.
Eskola Erizaintza programaren helburuak hauek dira: adin goiztiarretatik bizitza-ohitura osasungarriak sustatzea, eskola-komunitateko eragile guztiak autozainketaren alderdi nagusietan prestatzea (irakasleak, ikasleak, guraso-elkarteak, arreta psikopedagogikoko taldeak eta abar), eta eskola-inguru osasungarriak sustatzeko. Edukiak hezkuntza-ziklo bakoitzera egokituz joango dira.
Bost lan-arlo
Bizitza osasungarriko estiloak sustatzearen ikuspegitik, aurreikusita dago bost arlo nagusiren inguruko lan-lerro jarraituak sustatzea: elikadura, jarduera fisikoa eta atsedena, harreman osasungarriak, afektibitate eta sexu hezkuntza eta substantzia toxikoen kontsumoa.
Prebentzioaren esparruan, Eskola Erizaintza eskola-komunitateari laguntzeko eragile bat izanen da, besteak beste hauek antolatzeko: lehen laguntzetako jarduerak, istripuen prebentzioa, eskuen, ilearen, larruazalaren eta hortzen higienean, jarreraren higienea, eguzkia hartzea, ohitura toxikoak, Interneten eta gizarte-sareen erabilera edo txertaketa kanpainak. Horretaz aparte, berariazko kanpainak ere prestatuko dira, hala nola "Fruta eta barazkien kontsumoa eskolan" edo "Gosari osasungarriak", eta osasunarekin lotutako munduko egunen inguruko jarduerak (informazio-mahaiak, lehiaketak eta abar).
Eskolako erizaina familiekin eta irakasleekin lankidetzan arituko da, berariazko taldeko tailerrak diseinatzen, honako gaiei buruz: bizitza-estiloak, bizkarra, tabakoa, antsietatea, sexu hezkuntza, gurasotasun positiboa, substantzien kontsumoa edo pantailen erabilera. Eskola-komunitatearen lan eginen du, arrisku psikosozialeko, osasun-behar bereziko edo ahultasun bereziko ikasleak aurkitzeko eta identifikatzeko, alderdi sozioekonomikoekin, substantzia toxikoen kontsumoen aurrekariekin edo sexu-nortasunarekin lotuta. Eskola Erizaintzak patologia kronikoak (diabetesa, obesitatea, epilepsia, alergiak, intolerantziak eta abar) eta gaixotasun arraroak dituzten ikasleak artatzen ere lagunduko du, gero eta ohikoagoak direlako hezkuntza-eredu inklusiboan.