Euskal Herriak azken hamarkadetan bizitako biolentzia ezberdinek ahalegin kolektibo bat egitera garamatzate, bestela faltsuki eta bermerik gabe itxiko bailitzateke urtetako sufrimendu eta konfrontazioa. Eta hori da, SARE herritarrak ere duen egitekoa.
Lan hori euskal jendartearekin batera egin nahi dugu, ideologia ezberdinen gainetik, elkarbizitzaren beharra sumatzen dutenekin. Jendarteak egoera hau gainditu nahi du, eta, jakina, beharrezkoa da borondatea, arrazoi desberdinak tarteko, min handia eragin duen historia ixtea baita asmoa.
Zalantzarik gabe, garai berri baten aurrean gaude, bakegintzan, elkarbizitzan, giza eskubideen errespetuan eta konponbidean pausoak ematea exijitzen duen egoera berrian. Horregatik abiatu dugu 0Km, biolentziak eragin duen ondorio guztien konponbidea bilatzen duen kanpaina, eta dekalogo honen bitartez zure atxikimendua eta konpromisoa eskatzen dugu:
1. Kultura kolektiboan laguntza ematea, alde anitzetako memorien ariketa baten bitartez.
2. Elkarbizitza eraikitzen laguntzea, normaltasun sozial, politiko eta bakerantz.
3. Larriki gaixorik dauden presoak eta adinekoak kaleratzea, baita arrazoi politikoengatik espetxeratuak gizarteratzea ere.
4. Salbuespeneko legedia bertan behera gelditzea.
5. Tortura edo tratu iraingarrien salaketa duten sententziak berrikustea.
6. Euskal alderdi politiko, sozial zein sindikalek erabakiak hartu eta adostea Espainiako Estatuko instantziei aurkezteko.
7. Presoen itzulerari buruzko adostasun plana gizarteratzea.
8. Urrunketa politika amaitzea, euren etxeetatik gertuen dauden kartzeletara lekualdatuz, 0km-ra.
9. Euren zigorra osorik bete dutenen askatasuna atzeratzen duten neurriak indargabetzea.
10. Espainiako espetxeetan Europako araudia betearazteko mobilizazioetan parte hartzea.