Igandean txirrindulariak ikusi genituen Sakanako ia herri guztietatik pasatzen. Izan ere, igandea XXIV. Sakanako Bizikleta eguna zen, Sakanako Mankomunitateak Barranka, Burunda eta Aralar Txirrindularitza Taldeen laguntzarekin antolatutako bizikletaren festa.
Txirrindulariek goizeko 9:00etan ekin zioten Sakana gurutzatzeko lanari, Ziordian. Irurtzuneraino iristea zen asmoa, ibilbide ez lehiakorrean (41,3 km). “Laino artean hasi genuen ibilbidea baina goiza aurrera joan ahala egun ederra geratu zen, bikaina. Olazti, Altsasu eta Urdiain pasata Iturmendin sartu ginen eta Aitzaga ermita erromanikoan geldialdia egin genuen. Baseliza eder hori barrutik ikusteko aukera izan genuen eta Nicolas Arbizu eta Jose Andres Iza adituen azalpen interesgarriak entzun genituen: ermitaren berezitasunak, Sakana gurutzatzen zuen Donejakue bidearekin zuen lotura… Esan zigutenez, toki horretan zegoen Burundako azken herri desagertua” aipatu digu Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak.
Bizikleta hartu eta bideari ekin zioten berriro. Bakaiku, Etxarri Aranatz eta Arbizu pasa eta gero, Lakuntzako plazan geldialdia egin zuten, hamaiketakoa egiteko. Norberak bere ogitartekoa zeraman, baina antolakuntzak freskagarria banatu zuen. “Ondoren, indar berrituta Irurtzunerantz abiatu ginen, herriz herri. Tarteka geldialdiak egin genituen, tropela elkartzeko. Eta Irurtzunera heldu ginen” gaineratu du teknikariak. Han autobusa hartu eta etxera itzuli ziren guztiak. Barranka, Burunda eta Aralar klubeko kideek lan bikaina egin zuten ibilbidea antolatzen. DYAk eta Foruzainek ere ibilbidea egin zuten, segurtasuna bermatzeko, baina ez zen inolako arazorik egon.
Amaia Gerrikagoitiak aipatu digunez, partaidetza oso ona izan zuen XXIV. Sakanako Bizikleta Egunak. “400 pertsona inguru arituko ziren. Batzuk ibilbide osoa egiten dute, beste batzuk, atsedenaldiraino, edo Lakuntzatik Irurtzuneraino… denetatik. Baina gure estimazioen arabera guztira 400 lagun egongo ginen, erraz. Eguraldia ederra eta giroa ederragoa” nabarmendu zuen. Izan ere… zer gehiago eska daiteke?