Sakandarrak Ergoienako Biran
1.Iñaki Álvaro
2.Raul Audikana
3.Sergio Garcia de Eulate
4.Adur Senar
5.Joxeja Maiza
6.Fco. Javier Gomez
7.Juan Carlos Gomez
10.Gorka Arratibel
11.Beñat Lizarraga
12.Asier Estarriaga
15.Izaskun Beunza
16.Juan Pedro Ariz
18.Aingeru Azazeta
19.Santi Agirre
21.Leire Estarriaga
23.Iñigo Orella
24.Ismael Lopez de Goikoetxea
Larunbatean jokatu zen Ergoienako Bira (8,5 km), Lizarragan. Probaren 13. edizioa zen aurtengoa eta ordutegi aldaketa, hori izan zen probaren berrikuntza nabarmenena. Izan ere, orain arte arratsaldetan egiten zen lasterketa, baina aurten goizean jokatu zen, estrainekoz antolatutako Ergoienako Egunaren barruan.
Kategoria txikietan 26 neska-mutiko
Txikienak izan ziren goiztiarrenak. Goizeko 10:00etan zuten hitzordua. Bi kategorietan lehiatu ziren: 2 eta 7 urteko mailan 8 korrikalari lehiatu ziren, eta 8 urtetik 14 urte bitarteko proban, aldiz, 18. Hortaz, 26 neska-mutiko guztira.
Txikienen artean Oier Rubio izan zen azkarrena, Izei Garcia eta Irati Allenderen aurretik. Eta, 8 eta 14 urte bitartekoetan Oier Puyol gailendu zitzaien Iratxe Lapuenteri eta Janitz Zufiaurreri.
Bitartean, Ergoienako Biran parte hartuko zuten nagusiak berotze lanetan ari ziren. Goizeko 11:00etan irteera puntura gerturatu ziren eta kanpaikaden ostean hartu zuten irteera. 29 korrikalari animatu ziren Lizarraga, Dorrao eta Unanu batzen dituen lasterketa osatzera. Ergoienakoa lasterketa gogorra da, gorabeheratsua, aldapaz eta erritmo aldaketaz betea. Haizeak jotzen zuen, eta horrek gehiago aldrebestu zuen proba.
Laukotea aurretik
Lasterketa azkeneko kilometroan erabaki zen. Ordura arte Iñaki Alvaro altsasuarra, Raul Audikana olaztiarra, Sergio Garcia de Eulate altsasuarra eta Adur Senar –lehenengo ergoendarra– aurrean izan ziren. Senar atzean gelditu zen eta Álvarok erasoa jo zuen azken kilometroan, Audikana eta Garcia de Eulate atzean utzita. “Laurok elkarrekin egin dugu ia proba osoa. Haize asko zebilen, eta ia makurtuta joan gara. Unanuko azken jaitsieran errekuperatu naiz, baina izugarri sufritu dut” onartu zuen helmugara iristerakoan Dantzaleku Sakana klubeko Iñaki Álvarok. Lizarragako azken aldapa oso luze egin zitzaiola aitortu zuen. “Gogorrena Lizarragako helmugara iristeko azken aldapa zen. Ez da ikusten non bukatzen den” adierazi zuen. Halaber, bere lehen garaipena dela aipatu zuen eta Ergoienako Bira irabazi izanagatik “oso kontentu” zegoela. Raul Audikana bigarrena sartu zen, Sergio Garcia de Eulate hirugarrena eta Adura Senar laugarrena.
Emakumezkoetan Izaskun Beunza olaztiarrak aurreko urteko garaipena berretsi zuen. Marta Oteiza bigarrena sailkatu zen eta Leire Estarriaga hirugarrena.
Txapeldunendako kattolak
Proba bukatzerakoan auzate ederra eskaini zuen Ergoienako Udalak. Sari ematean, lehen beteranoaren saria Francisco Javier Gomezendako izan zen. Unanuko mamuxarroen kattola jaso zuen opari. Adur Senarren faltan, Beñat Lizarragak jaso zuen lehen ergoendarraren saria, beste kattola bat. Eta probako lehen hiru gizonezko eta emakumezkoak podiumera igo ziren. Txapeldunek kattolak jaso zituzten eta, gainontzekoek, dominak. Bestalde, korrikalarien artean Ergoienako produktuekin osatutako loteak zozketatu ziren.
Ergoienako Bira Sakanako Kopa-Lasa Kirolak Sarirako puntuagarria zen. Urriaren 21ean jokatuko den Sakanako XVI. Herri Lasterketak eta abenduaren 8an Altsasun Zubeztia elkarteak antolatzen duen Barrikarteren XXXVI. Oroimenezko Oinezko Lasterketak erabakiko dute kopa.