EAJren Euzkadi Buru Batzarrak (EBB) bere asteroko bilera Aralarko San Miguelen egin du. Modu horretara, frankismo ondoren han bertan antolatu zuten aurreneko Alderdi Eguna, haren 40. urteurrena, gogoratu nahi izan zuten. 1977ko irailaren 25ean Aralarko santutegiaren inguruan jendetza elkartu zuen EAJk, 80.000 pertsona orduko zenbaketen arabera. Diktaduraren ondoren jeltzaleek euren indarra erakutsi zuten.
Bilkura hartan izan zen egun EBBko presidente den Andoni Ortuzarrek esan duenez, “Aralarkoa gure indarra erakusteko ekitaldia izan zen. Lehenengo eta behin guretako, neurtzea ezinezko genuen diktaduratik irteten ginelako. Eta baita gizarte osoarendako ere, Aralarko argazkia martxan jartzen ari zen herriaren argazkia izan zelako”. Menditik indarberriturik jaitsi zirela nabarmendu du.
Urteurrena gogoratzeko EBBk bilera Aralarren egin zuen, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zutela. Bileran izan zen Nafarroa Buru Batzarreko presidente Unai Hualde altsasuarra. Eta, arratsaldeko lehen orduan Nafarroako Gobernuko presidenteorde Manu Aierdi eta bozeramaile Maria Solana batu zitzaizkien.