XV. Nafarroako Mendi Kluben eguna igandean ospatuko da, Irurtzunen, bertako Iratxo elkarteak eta Boscos mendi taldeak antolatuta. Horrela, goizeko 9:00etan hitzordua jarri dute Nafarroako txoko eta klub ezberdinetatik hurbilduko diren mendizaleak. Bi ibilbide egiteko aukera izango dute, luzea, 14 kilometro eta 1.020 metroko desnibelekoa eta laburra, 9 kilometro eta 700 metroko desnibelekoa.
Bi ibilbideak
Bi ibilbideak batera abiatuko dira. Hasieran Ergako Trinitatea igoko dute mendizale guztiek. Behin Trinitatean, martxa luzekoek aurrera egin eta Artola gainera joko dute. Ibilian ibilian, Malkorrautsiraino iritsiko dira. Handik aurrera eginez, Arrantzaleen Bidea hartuko dute eta Aixita gazteluaren azpitik pasako dira. Ahizpa Nagusiaren albotik pasaz, autobia azpitik gurutzatuko dute errepidea eta Plazaolako tunelera aterako dira, Irurtzunera heltzeko.
Ibilbide laburrekoek, aldiz, Trinitatera iristerakoan atzera egingo dute eta etorritako lekutik beretik egingo dute jaitsiera. Behean, eskuin aldeko bidexka hartu, eta mendebaldera joanez, Allegaineraino iritsiko dira. Saien Behatokira doan bidea utzita, Orazulo dermioan barrena, sakan estu batetik, Larraun eta burdinola ikusiko dute. Antzinako trenbidera iritsiko dira, eta Ardantzezarratik Irurtzunera iritsiko dira.
Bueltan, mendizaleek auzatea izanen dute prest Irurtzungo plazan eta, ondoren, frontoiko bidea hartuko dute, bertan bilduko baitira, bazkaltzera. Talde bakoitzak bere bazkaria eramango du, autogestionatutako bazkaria izango baita. Bazkalostean dantza egiteko aukera ez dute galduko.