Aurten ere urriaren 1ean adinekoen eguna ospatuko da. Beharbada, Katalunyako erreferendumaren eraginez, inor konturatu gabe pasatuko da, hedabideetan ez diote tarterik egingo. Ez da GUAIXEREN kasua izango, nahitaez, irailaren 29rako SASOIAri egokitu baitzaio kolaborazio artikuloa, eta ez diogu uko egingo gaiaz mintzatzeko aukerari.
Horrelakoetan, ofizialki zabaltzen den mezua atsegingarria gertatzen da, hunkigarria. Urtean zehar baztertuak egon arren, egun horretan, ohorea, esker ona eta elkartasuna eskatuko zaio gizarteari. Goraipatuko dituzte zaharrok gizarteari egin dizkiogun ekarpenak, gure lanak, gure borrokak, ongi merezia daukagula atsedena, bizi oparo eta duin bat.
Zoritxarrez, ez da hau adineko gehienen egoera, errealitatea; neketsu, kezkati bizi beharra baizik. Ekonomikoki gero eta estuago, gero eta murritzago, erretiro-pentsioak ez dira igotzen gauzak garestitzen diren arabera, %0,25 bakarrik. Azken urte hauetan %17 galdu dugu eta Pentsio Sistema Publikoak porrot egingo duen mehatxua luzatzen digute.
Pentsio duinak izateko dugun eskubidea Estatuak bermatu behar digu. Baliabide publikoak pertsona guztiak duintasunez bizitzeko ahalbideratu behar dira, eta beraz, pentsioen euskarri izateko ere bai. Onartezina da pentsioen finantzaziorako bide bakarra kotizazio soziala izatea. Badaude konponbideak: diru-sarrerak zergen bidez osatu, soldata altuen kotizazio topeak kendu gutxieneko soldata jaso, krisialdian galdutako enpleguak berreskuratu, iruzur fiskala eta ezkutuko ekonomiaren aurkako borroka…
Munduko Adinekoen egunean, ”Adinekoak Krisiaren Aurka” koordinakundeak mobilizatzeko deia luzatzen dizue adinekoen kolektibo eta elkarte guztiei, gure eskubideak aldarrikatu eta gure duintasunaren galera dakarten egoerak salatzeko. Lekua: Sarasate Pasealekua, Foruen Monumentuan, goizeko 11:00etan.