Bat ikusita, bale. Bigarrenarekin, harritzen hasten zara. Baina hirugarrenarekin kezka sartzen da. Handitu egiten dena kale berean lau denda, edo gehiago, itxiko dutenaren kartela erakusten dutenean. Hala agertu ziren atzo ibarreko 57 denda, negozioaren itxiera iragartzen. Haietako batean sartu gara itxiera “sukarraz” galdezka eta Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkartearen kanpaina bat dela argitu digute, elkartekideak ez direnak ere parte hartu dutena.
“Mahai gainean kolpe bat jo nahi dugu. Jendeak bere kontsumo ekintzei buruz hausnarketa kritiko bat egitea nahi dugu”, azaldu digu salmahaiaren atzetik, itxiko duen dendarietako batek. Herrian bertan, ibarrean kontsumitzera, deitu dituzte sakandarrak, “dendak gure herri eta kaleei bizitza eta argitasuna ematen dietelako”. Tokiko lanpostuak sortzearekin batera denda eta establezimenduek Sakanan bertan ekonomia sortzen dutelako ohartarazi dute. Eta, gainera, saltoki eta marka handien monopolioa saihesten laguntzen dutela nabarmendu dute.
Bi galdera
Elkartetik bi galdera egin dizkigute: “Nolako herriak nahi ditugu? Biziak eta argiak ala tristeak eta ilunak?” Nabarmendu dutenez, “herriko denda, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduek bizia ematen diote herriari. Pentsatu momentu batez denda eta tabernarik gabeko herrian”. Azaldu dutenez, denda eta establezimenduen bidez, “eguneroko erosketak egiteko produktu guztiak herrian bertan aurki ditzakezu; ibarreko dendetan kontsumituz herria hobe funtzionatzeaz aparte, aktibo mantentzen da”.