Mihia euskaraz dantzatzeko? Mintzakide!

Guaixe 2017ko ira. 28a, 19:21

Euskara praktikatu eta bizi nahi duen jendea badago Sakanan. Baina ez du norekin euskara hitz egin. Edo euskalduna izanda euskaraz bizitzeko aukera berriak bilatu nahi ditu. Euskaraz giro atseginean eta lagun artean hitz egiteko aukera eskaintzen du Mintzakide programak. Euskara ikasten ari direnak, aritu zirenak, hizkuntza erabiliz hobetu nahi dutenak edo euskaldun gehiago ezagutu nahi dutenak izan daitezke mintzakideak.

Bospaseiko talde txikietan elkartzen dira mintzakideak, denendako egokia den egun, ordu eta tokian. Azken hori parte-hartzaileek erabakitzen dute. Tabernan, kafetegian edo paseoan elkartu daitezke. Talde bereziak sortzeko aukera ere badago, esaterako, gurasoena. Horrek ere aukera emanen luke haur eta gurasoak euskaraz arituko liratekeen jarduerak antolatzeko, parte-hartzaileek hala nahiko balute. Etxetik atera gabe ere mintzakide izan zaitezke, www.mintzanet.eus web orriaren bidez.

Izen-ematea
Doakoa da. 600 482 024 telefonoan, sakana_mintza@aek.eus e-postan edo Facebook-eko Sakanako Mintzakideak profilaren bidez egin daiteke. Gainera, www.sakanamintza.blogspot.com bloga kontsultatu dezakezu. Informazio gehiagorako Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzura edota AEKren Itsasi euskaltegira jo.