Kristau eta sakandar askorendako egun seinalatua da gaurkoa, San Migel. Horregatik, asko eta asko izanen dira Aralarko santutegira igoko direnak. Fededun etorrera handi horri behar bezala erantzuteko prestatu direla jakinarazi du Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiatik. Bost elizkizun izanen dira gaur: 09:00etan, 10:00etan, 11:00etan eta meza nagusia, 12:30ean. Elizkizun bakoitzaren ondoren Aralarko aingerua gurtzeko aukera izanen dute fededunek. Arratsaldean ere meza izanen da, 18:00etan. Aurelio Sagasetak zuzentzen duen Iruñeko katedraleko Musika Kaperak eta bere orkestrak edertuko du elizkizun hori; Haydnen Te Deuma eskainiko dute.
Igandean beste hitzordu berezi bat hartuko du Aralarko santutegiak. 12:30eko meza nagusia hildako Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiako, Anaitasuneko eta santutegiko ongile guztien aldekoa izanen da. Elizkizunean Iruñeko Gaudeamus gregoriar abesbatzak Hilen meza gregoriarra abestuko du. 17:00etan, berriz, Gaudeamus berak bezpera abestuak eskainiko ditu.