Udalak Kataluniari begira

Guaixe 2017ko ira. 29a, 10:14

Lakuntzako Udalak astelehenean egin bezala, Etxarri Aranazko Udalak gaurko, 20:30eko, bilkura berezian Kataluniari buruzko mozioa onartuko du. EH Bilduk aurkeztutako idatzi horretan udalek “zilegitasun osoa aitortzen dio Kataluniako Parlamentuak eginen duen autodeterminazio erreferendumari. Izan ere, libreki adierazitako herritarron borondatea da tresna politikorik eraginkorrena edozein herri edo kolektiboren etorkizuna eraikitzeko”.

Udalek, aldi berean, “Kataluniar herriaren eta Parlament-aren kontra Espainiar estatuak buruturiko erasoak salatu eta arbuiatu” dituzte. Horretaz aparte, “Kataluniako alkateak deklaratzera deitzea irmoki” salatu dute. Aldi berean udalek “Euskal Herria, Katalunia edo munduko gainerako herrietan, herritarren borondate askean oinarrituta garatzen dituzten prozesu politikoen alde egiteko konpromisoa” hartu dute. Azkenik, igandeko “emaitza errespetatzen” dutela eta “instituzio eta eragileei ere berdina egitea” eskatu dute.

Kataluniara
Udalbiltzako 100 hautetsi “Kataluniari eta katalanei babesa ematera” joanen dira igandean. Haien artean dago Etxarri Aranazko alkate Eneka Maiz Ulaiar. Nazioarteko bisitari gisa, “bozketa eguna ikuskatu, kataluniarrek bozkatzeko duten eskubidea babestu, eta, behar izanez gero, egin beharreko salaketa egiteko”. Udalbiltzako hautetsiak Kataluniako Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkartearen (AMI) “eskutik” izanen dira Katalunian.

Kontzentrazioak
EH Bilduk deituta herri guztietako plazetan kontzentrazioak eginen dira larunbatean, 12:00etan. Altsasun 13:00etan izanen da.