Gurseko kontzentrazio eremuko omenaldian sakandarrak izanen dira

Guaixe 2017ko ira. 29a, 10:43

Han preso egondakoen 370 senide, Nafarroako Gobernuko, Parlamentuko eta toki erakundeetako ordezkariekin batera parte hartuko dute biharko omenaldian.

1936ko estatu kolpetik ihesi joandako iheslariak hartu zituen Oloroe-Donamariako Gurseko errefuxiatu eremuak. Haietatik, gutxienez, 27 sakandarrak izan ziren. Exilioa eta errefuxiatu eremuak ezagutu zituzten 16 altsasuarren 33 senide izanen dira ekitaldira joanen direnak, Nafarroako Gobernuak baieztatu digunez. Besteen senideak ez omen dira harekin harremanetan jarri.

Gurseko esparruan sartuta egon ziren 500 nafar ingururi omenaldia eginen zaie bihar. Haien memoria  eta biktima haiek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidea aldarrikatuko da. 11:00etan hasiko den ekitaldi publikoa da eta Uxue Barkos, Nafarroako lehendakaria, Ainhoa Aznarez, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria eta Pablo Azcona, Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federaziko lehendakaria izanen dira. Zenbait hitzaldiren ondoren (horien artean Raimond Villalbarena, Terres de Mèmorie(s) et de Luttes elkarteko lehendakaria eta Gursen egondakoen ondorengoa dena) ekitaldiaren akaberan Barkosek hitz eginen du, kontzentrazio esparruan izan ziren nafarren omenezko monumentua mustuko dute eta lore-eskaintza eginen dute bertaratutakoek.

Ekitaldi horren ondoren, Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Akitania Berriak elkarrekin antolatutako aintzatespena izanen da. Han, Uxue Barkos, Iñigo Urkullu eta Akitania Berriko lehendakaria den Alain Rousset izanen dira. 13:00etan izanen da ekitaldia eta Euro-eskualdearen lankidetza-politikaren barruan dago. Helburua da diktaduratik ihes eginda, Gursen kontzentrazio eremuan bukatu zuten pertsona horiek defendatu zuten demokraziaren eta askatasunaren balioa nabarmentzea.
 
Identifikatzeko
Nafarroako Gobernuak Gursen egondako nafarren izenekin bi zerrenda argitaratu du. Batean, herria agertzen da. Bestean, ordea, ez da herria aipatzen. Gobernuak nahi luke zerrenda horietan agertzen diren pertsonen inguruko informazioa jasotzea eta haien senideekin harremanetan jartzea. Horretarako pazyconvivencia@navarra.es e-posta eta 848 426 522 telefonoa daude.

27 sakandarrak
Nafarroako Gobernuak irailaren 25ean eguneratutako zerrendan 16 altsasuar, 4 ziordiar, bina uhartear eta etxarriar eta Izurdiagako, Irurtzungo eta Irañetako bana ageri dira. Guztiak gizonak. Herririk aipatzen ez den zerrendan Sakanan ohikoak diren abizenak daude, beraz. pentsatzekoa da beheko zerrenda luzatu daitekeela.

 Herria Izen-abizenak Erakundea
Izurdiaga Julio Monedero Simon JSU/UGT
     
Irurtzun Braulio Ilzarbe Jauregui UGT
     
Irañeta Victor Goñi Erbeti STV
     
Uharte Arakil Dimas Fernandino Perez  
  Luis Fernandino Perez FUE
     
Etxarri Aranatz Bonifacio Fernandez Ayestaran UGT
  Antonio Velasco Arana UGT
     
Altsasu Valeriano Albistur Mazkiaran UGT
  Jose Celaya Aguirre CNT
  Cristobal Celaya Iriarte CNT
  Joaquin Etxebarria Imaz UGT
  Jose Maria Gorospe Lezea CNT
  Francisco Lecea Larraza UGT
  Mazkiaran Larraza Javier ANV
  Domingo Otxoa Imaz UGT
  Modesto Prieto Alvarez JSU
  Esteban San Jose Gallego NC
  Martin Soler Zanguitu PSOE
  Enrique Urizar Zelaya UGT
  Octavio Victoria Lacilla PSOE
  Jose Zornoza Zanguitu UGT
  Juan Zubiaurre Garcia NC
  Jose Garrues Santesteban UGT
     
Ziordia Valentin Aguirre Goikoetxea UGT
  Francisco Arza Ondarra  
  Hilario Arza Ondarra  
  Blas Lategui Arozarena PCE