Iturraskarri izaera sozialeko proiektu bat da, eta Irurtzungo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Gizarte Enplegu Babestuko proiektuan parte hartzen dutenei prestakuntza izaerako lanak eskaintzea du helburu.
2006. urtean jarri zen martxan, eta 12 urte hauetan, lan ezberdin asko burutu ditugu eskualdeko herrietan, esaterako: garbitokiak, zubiak, iturriak… berritu, herriak lotzen dituzten bideak garbitu, markatu eta mantentze-lanak egin…
Aurten, berrikuntza moduan Iturraskarriko bideetarako babesleak bilatzeko kanpaina jarri dugu martxan. 35 babesle behar ditugu 170 km inguru dituen sare osoa lotzeko. Babesle bakoitzak honako konpromiso hau hartu beharko du: bidearen 5 km aukeratu eta urtean behin bertatik txango bat egin ondoren, guri zein egoeratan dagoen jakinarazi beharko digu –margo-markak berritu behar diren, zuhaitzen bat erori den, lurra erori den, sasiak kendu behar diren…– maiatza baino lehen. Animatu eta izan zaitez babesle!
Horretaz gain, aurten hainbat txango antolatu ditugu Iturraskarriko bideetan barna, Irurtzungo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea osatzen duten udal guztiak elkartuz. Bide hauek, Donejakue bideak, errege-bideak, errege-abelbideak, suebakiak, gurdibideak eta xendak dira, eta horiek guztiek historia, bitxikeria, edertasun eta ezagutza ugari gordetzen dituzte bere barnean.
Horrelako txango batean parte hartzeko azken aukera igande honetan, urriak 8, izango dugu. Goizeko 9:00etan Irurtzungo plazatik aterako gara eta 18 kilometro inguru izango ditugu aurretik. Bidean zehar, proiektuaren eta historiaren inguruko azalpen batzuk izango ditugu, eta bukaeran hamaiketakoa egonen da Irurtzunen bertan.
Anima zaitez! giro ederra izango dugu! Apuntatzeko 639 127 271 telefonora deitu.