Asteburuan bi mendi lasterketa jokatu dira Sakanan eta bi probek protagonista bera izan dute: Beñat Katarain Razkin. Izan ere, Olaztin eta Etxarri Aranatzen garaile suertatu da 28 urteko lakuntzarra.
Larunbatean jokatu zen Sutegik eta Olaztiko Udalak antolatutako IX. Olatzagutia Urbasa Mendi Lasterketa, 26,33 km eta 1.838 metroko proba. Aurreko urtean bezala, lasterketa nagusiarekin batera, 16 km eta 1.122 metroko desnibel positiboko proba laburra antolatu zuten baita ere. Lainoa eta eta xiri miria izan zuten bidaide korrikalariek. Guztira 110 korrikalarik hartu zuten parte, 63 luzean eta 47 laburrean. Horietatik 24 sakandarrak ziren.
Olaztitik aterata, Tontorraundira, punturik altuenera (1.157 m) jo zuten korrikalariek, Altsasuko portugain, Morterutxo, Zelai handi, Bargagain eta atzera ere Morterutxora jotzeko. Ibilbide motzekoek helmugara jo zuten eta nagusikoek mendebaldera segi zuten, Egiburu igo eta Ziordiko portutik Gainsolera iristeko. Bertatik jaitsierari ekin zioten, Olaztiko helmugaraino.
Proba laburra Olaztin geratzeko zorian egon zen, baina Borja Gereñu segurarra izan zen lehena (1:35:44), Raul Audikana olaztiarraren aurretik (1:36:48). Iñaki Garmendia olaztiarrak osatu zuen podiuma (1:38:47). Emakumezkoetan, aldiz, Izaskun Beunza olaztiarrak ez zuen areriorik izan (1:57:26). 9 minutu pasa atera zizkion Nagore Arizagari (2:06:59).
Sei minutuko aldea
Proba nagusiari dagokionez, Beñat Katarain lakuntzarrak hasieratik hautsi zuen lasterketa. Lainoarengatik eta xiri miriarengatik, kontuan joan behar izan zuten korrikalariek. Katarainek bikain eutsi zuen lasterketa guztian barna eta bakarrik iritsi zen helmugara (2:22:33). Katarainek onartu zuen probaren lehen zatia oso gustuko zuela, baina eguraldiagatik kontuz ibili behar izan zela. Denboraldi bikaina darama Zegaman bizi den lakuntzarrak eta Olaztikoarekin denboraldiko bere 30. lasterketa osatu zuenak. Sei minutu atera zizkion Aitor Arenazari (2:28:35). Hirugarrena Jose Luis Beraza uhartearra izan zen (2:33:04). Probako lehen beteranoa izan zen uhartearra, eta laugarrena sailkatu zen Ander Unzurrunzaga etxarriarra (2:38:13), aldiz, bigarren beteranoa izan zen. Emakumezkoetan, berriz, Maider Frailek eta Izaskun Zubizarretak lehia estua izan zuten eta, azkenean, Fraile gailendu zen (2:56:05), Zubizarretaren aurretik (2:56:41). Arantza Larrañaga uhartearra izan zen lehen sakandarra, emakumezkoetan zortzigarrena (3:52:58).
Sari ematearekin batera auzate ederraz gozatzeko aukera izan zuten korrikalariek. Guztiek oparia jaso zuten, eta, horretaz gain, antolakuntzak 1.850 euro banatu zituen saritan.
Etxarri Aranatzen 38 korrikalari sakandar
Bezperan Olaztin aritu ondoren, igandean Etxarri Aranatzen lehiatu zen Beñat Katarain, Udaberri elkarteak, Etxarriko Udalak eta Nafarroako Mendi Federazioak antolatutako 42. Mendira Joan Etorrian (10 km eta 572 m desnibel +). Etxarriko plazatik aterata, Bargara igotzea zen erronka, Hartzabaleraino (1.065 m), etxarriarrek maiatza jasotzen den punturaino, eta bertatik berriro herrira jaistea. Euria eta lainoa izan ziren protagonista, baina ez zuen hotzik egiten eta korrikalariak gustura ibili ziren. 80 korrikalarik hartu zuten parte, horietatik 38 sakandar, etxarriarrak, bereziki. Proba Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako puntuagarria zen.
Beñat Kataraini ez zitzaion gehiegi igarri bezperan Olaztin egindako ahalegina. Bakarrik iritsi zen Etxarriko helmugara, fresko, paseo bat egitetik etorriko bailitzan (46:48), Etxarriko ferietan bildutakoen txalo zaparrada artean. Lakuntzarrak ez zuen lortu 2001ean Juan Mari Garinek ezarritako 42:50 denborako errekorra gainditzea. Minutu justu bat atera zion Iñaki Mihura arraioztarrari (47:48). Aritz Munarriz etxarriarra sartu zen hirugarrena, ia 3 minutura (49:31). Emakumezkoetan Gordexolako Virginia Perez gailendu zen (52:56). Bigarrena Izaskun Sanz sartu zen (1:01:14) eta hirugarrena, eta lehen sakandarra, Erkuden San Martin etxarriarra (1:03:45).
Korrikalariek oroigarria jaso zuten eta sari bereziez, txapelez eta trofeoez aparte, antolakuntzak 550 euro banatu zituen sarietan.
Sakandarrak Olatzagutia-Urbasan
Luzea (26 km)
1.Beñat Katarain (Lak): 2:22:33
3.Jose Luis Beraza (Uhar): 2:33:04
4.Ander Unzurrunzaga (Etx): 2:38:13
11.Iker Flores (Alts): 2:53:26
25.Asier Leiza (Arb): 3:12:05
44.Aritz Ganuza (Olaz): 3:42:02
46.Fco. Javier Rodriguez (Alts): 3:43:48
48.Arantzazu Larrañaga (Uhar): 3:52:58
49.Ainhoa Beraza (Irañe): 3:52:59
Motza (16 km)
1.Borja Gereñu (Segura): 1:35:44
2.Raul Audikana (Olaz): 1:36:48
3.Iñaki Garmendia (Olaz): 1:38:47
4.Felix Benjumea (Alts): 1:40:29
5.Gorka Acebes (Olaz): 1:41:23
6.Jabi Gasanz (Alts): 1:42:53
7.Eukeni Goikoetxea (Alts): 1:43:05
9.Iban Sobredo (Alts): 1:44:53
10.Javier Borrega (Alts): 1:46:36
14.Jokin Bereziartu (Alts): 1:53:40
17.Luis Areta (Lak): 1:57:11
18.Aritz Pellejero (Lak): 1:57:13
19.Izaskun Beunza (Olaz): 1:57:26
22.Juan Pedro Ariz (Bak): 2:03:43
30.Ander Orabengoa (Olaz): 2:12:41
36.Ainhoa Markinez (Olaz): 2:24:02
Sakandarrak Etxarriko XLII. Mendira Joan Etorrian (10 km)
1.Beñat Katarain (Lak): 46:48
3.Aritz Munarriz (Etx): 49:31
10.Alatz Agirre (Arb): 52:41
12.Ander Unzurrunzaga G. (Etx): 53:00
13.Beñat Anda (Etx): 53:18
14.Joxeja Maiza (Etx): 53:28
16.Iñaki Álvaro (Alts): 54:11
17.Juan Larrea (Alts): 54:21
18.Ioseba Iza (Arb): 54:38
21.David Mutiloa (Irur): 55:21
22.Fran Araña (Arb): 55:30
27.Ibon Ubeda (Etx): 57:15
28.Izai Mauleon (Etx): 57:16
31.Alberto Matnez. De Lagran (Etx):58:37
32.Juan Mariñelarena (Etx): 59:06
33.Carlos Mañeru (Etx): 59:08
34.Unai Kintana (Bak): 59:47
37.Iñaki Azkona (Irur): 1:00:29
39.Bernar Garziandia (Etx): 1:01:18
40.Gorka Arratibel (Etx): 1:01:39
43.Araitz Jaka (Etx): 1:02:38
47.Erkuden San Martin (Etx): 1:03:45
48.Aitor Salinas (Etx): 1:04:07
52.Patxi Urrestarazu (Etx): 1:05:31
53.Aimar Araña (Etx): 1:06:34
54.Kimetz Garde (Etx): 1:06:34
55.Xabier Etxeberria (Etx): 1:07:55
56.Guillermo Juango (Irur): 1:08:46
57.Amaia Etxeberria (Irur): 1:08:59
63.Manuel Larraza (Lizar): 1:10:39
64.Jose Javier Goikoetxea (Etx): 1:10:40
66.Maria Goikoetxea (Etx): 1:11:28
67.Iban Verdugo (Etx): 1:11:28
68.Fco. Jose Juango (Irur): 1:13:49
70.Pirol Campos (Etx): 1:18:03
71.Patxi Atxa (Etx): 1:19:56
72.Edurne Beltza (Etx): 1:22:51
73.Anaitz Igoa (Etx): 1:22:52