Atzoko erreferendumaren ondoren, Katalunian biharko greba orokorra deituta dago. Horregatik, ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta Etxalde sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte biharko. Haien bidez Kataluniarekiko elkartasuna erakutsi nahi dute. Goizean, atsedenaldi garaian, lantokien aurrean kontzentrazioak egitera deitu dute sindikatuek. 13:00etan Altsasuko udaletxe aurrean kontzentratzera deitu dute. Eta, 19:00etan, Iruñeko Gaztelu plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzera ere. Catalunyan nahiz Euskal Herrian herriak erabaki lelopean eginen dira mobilizazio horiek.
Kataluniako herriari elkartasuna adieraziz hainbat ekimen izan dira asteburuan. Etxarri Aranazko Udalak mozioa onartu zuen eta haren akaberan publikoak Lluis Llachen L´estaca kantatu zuen. Altsasuko Udalak eta EH Bilduk deituta kontzentrazioak egin ziren, lehena ostiralean eta bigarrenak larunbatean. Gure Esku Dagok Bilbon antolatutako manifestazioan ere izan ziren sakandarrak. Bestalde, hainbat etxeetan ikusgai dira Kataluniako bandera izardunak. Erreferendum egunaren jarraipen estua egin zuten askok eta askok. Eta, “errepresioa” salatu eta kataluniarrei elkartasuna adierazteko 22:00etan hainbat kontzentrazio zaratatsu egin ziren.