Bukatzear da afizionatuen mailako 2017 denboraldia, eta balorazioak egiteko unea da. Rural Kutxa-Seguros RGA taldean “oso pozik” daudela azaldu du Ruben Martinezek, taldeko zuzendariak. Eta ez da gutxiagorako, 28 garaipen lortu baitituzte, kalitatezkoak. Tartean, Euskaldun Txapelketa irabazi du talde sakandarrak, iker Azkaraterekin, Nafarroako Itzuliko lehen etapa irabazi zuen Oscar Pelegrik… Martinezek azaldu duenez “Espainiako onenak izan gara, izan dugun erregulartasunari esker. Denboraldi guztian barna garaipenak lortu ditugu, taldeko onenak ez zeudenean baita ere. Uste dut denboraldiko lehenak izan garela, nahiz eta Lizarte eta Euskadi gure maila ia berean egon. Oso pozik nago taldearekin” gaineratu du zuzendariak. Hurrengo urteari begira, oso jubenil onak izango dituztela nabarmendu du.