Martxa nordikoko teknika ikasteko ikastaroa

Guaixe 2017ko urr. 3a, 15:16

Artxiboa: Arbizun nordic walking ibilbidea egiten.

Mankomunitateak antolatuta, urriaren 21ean, Altsasun. Izena ematea zabalik dago

Sakanako Mankomunitateak martxa nordiko edo nordic walking teknika ikasteko ikastaroa antolatu du. Jakina da martxa nordikoak onura nabarmenak dituela osasunerako: sistema linfatikoa aktibatzen du, gure defentsak indartzen ditu, gorputza tonifikatu, burua erlaxatu eta estres eta antsietateari aurre egiten dio, besteak beste. Horretaz gain, korrika egiten baino kaloria gehiago erretzen dira eta oinez ibiltzea baino osasuntsuagoa da, sistema kardiobaskularra eta birikietako gaitasuna lantzen laguntzen du, hezurrak sendotzen ditu artikulazioak mindu gabe eta orkatila, belaun eta bizkarrari ez die kalte egiten. Eta mugimenduen sinkronizazioak garuneko bi hemeisferioen arteko konexio berriak sortzen laguntzen du.

Martxa nordikoak geroz eta jarraitzaile gehiago dituela jabetuta, martxa nordikoan edo bastoiekin ibiltzen ikasten laguntzeko martxa nordikoko teknika ikasteko ikastaroa antolatu du Mank-ek.

Ikastaroa urriaren 21ean izanen da, goizeko 10:00etatik 13:00ak arte, Altsasun. Monitorea Gorka Garcia Roman izanen da. Antolakuntzak jarriko ditu bastoiak, baina norbaitek bere bastoiak eraman nahi baditu, lasai asko egin dezake.

Izena emateko
Urriaren 17ra bitartean, Sakanako Mankomunitatean (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus). Prezioa: 10 euro.