Udako pilota torneoak bukatu berri, pilotariek ez dute atseden gehiegirik hartzerik, EPELen txapelketak hastear baitaude. Astearte arratsaldean, esaterako, Lau T´erdiko Txapelketa aurkeztu zuten Zarautzen. Gutzira hamabi pilotarik hartuko dute parte kaiolan, guztiak aurrelariak. Ordezkari sakandar bakarra dugu: Joseba Ezkurdia arbizuarra.
Txapelketak azken bi urteetako sistema bera izango du: final-zortzirenetako kanporaketaren ondoren, hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko da. Bertan daude, zain, aurreko urtean finalerdietarako sailkatu ziren lau pilotariak. Ondoren finalerdiak eta final handia etorriko dira.
Ezkurdia asteburu honetan sartuko da lehian, final zortzirenetan. Mendizabal III.a izango du aurkari larunbatean Iruñeko Labriten jokatuko den partidan (17:30, ETB1). Partida konplikatua izanen da. Beste final zortzirenetan, Retegi Bik Elezkano II.aren kontra jokatuko du, Victorrek Jakaren kontra eta Artolak Lasoren kontra. Final laurdenetan, Olaizola II.a, Bengoetxea VI.a, Urrutikoetxea eta Altuna III.a izanen dituzte zain, ligaxka jokatzeko. Aipatzekoa da Irribarria eskuko minarekin dagoela eta ez dela txapelketan ariko.
Bosgarren aldia arbizuarrarendako
Joseba Ezkurdia bosgarrenez ariko da Lau T´erdiko txapelketan. Aurreko urtean ligaxkan Retegi Bi bidean utzi zuen, tanto eskas baten aldearengatik galdu zuen Olaizola II.aren kontra eta Bengoetxeak 22 eta 6 irabazi zion. Aurkezpenean azaldu zuenez, “sasoiko” dago. “Helburua lehen partida irabaztea da, ezin da haratago pentsatu. Partida zaila da, Mendizabali tanto egitea zaila delako. Kontua ligaxkan sartzea da eta han, ikusi behar” adierazi zuen arbizuarrak. Arbizuarrari azkeneko koska hori, partidak istearena falta zaiola esaten da askotan. “Badakit hala dela; ni naiz hori konpondu nahi duen aurrenekoa, eta ikasi egin behar dut nola” gaineratu zuen.
Ezkurdiak eta Mendizabal III.ak gaur aukeratuko dute materiala, 11:30ean, Labriten.
Bakaikoa, Promozioko lau t´erdian
Aldi berean, 2. Mailako edo Promozioko Lau T´erdia jokatuko da. 7 pilotari lehiatuko dira, Aspeko Dario Gomezek azken unean baja hartu baitu. Joanes Bakaikoa etxarriarra izango da Sakanako ordezkari bakarra. Larunbatean sartuko da lehian, Labriten, final laurdenetako kanporaketan, Agirreren kontra (17:30ean, ETB1). Beste final laurdenetako kanporaketako partidetan Peña II.ak Urretabizkaia izango da aurkari eta Ugaldek Errandonea. Eta Aspek Darioren baja bete ez duenez, Elordi zuzenean sailkatu da finalerdietarako ligaxkarako.