Igandean XV. Nafarroako Mendi Kluben Eguna ospatu zen Irurtzunen, Irurtzungo Iratxo elkarteak eta Boscos mendi taldeak antolatuta. Goizeko 9:00etarako Nafarroako hainbat txokotatik etorritako mendizaleak bildu ziren Irurtzunen, mendi ibilbidea egiteko prest. Bi aukera zeuden: luzea, 14 km eta 1.020 metroko desnibelekoa, eta laburra, 9 km eta 700 metroko desnibelekoa. Hasieran Ergako Trinitatea igo zuten mendizale guztiek, baina gero bide ezberdina hartu zuten. Luzekoak Artola, Malkorrautsi eta Arrantzaleen Bidetik ibili ziren eta laburrekoak, aldiz, Trinitatea bide beretik jaitsi eta Allegainera, Orazulora, burdinolara, antzinako trenbidera eta Ardantzezarrara iritsi ziren.
Irurtzunera iritsita, auzatea zuten zain mendizaleek. Ondoren frontoiko bidea hartu zuten, bertan bazkaltzera bildu baitziren. Eta bazkalondoan kantatzeko eta dantzatzeko aukera izan zuten, musikak protagonismo osoa hartu baitzuen.