Trail 52 Sport Mendi Kluba taldeak Basque Ultra Trail Series (BUTS) 2017 antolatu du, Hego Euskal Herriko lau hiriburuak mendirik mendi lotzen dituen mendi lasterketa erraldoia. Lau etapa dira guztira. Otsailaren 24tik 26ra jokatu zen lehendabiziko etapa, Bilbo eta Gasteiz artekoa, maiatzaren 5etik 7ra bigarrena, Gasteiz eta Iruñea artekoa, Lautadatik Sakanara sartu eta Beriaindik eta Ollotik aurrera Iruñean despeditu zena; eta agorrilaren 4a eta 6a bitartean hirugarren etapa, Iruñean hasi eta Donostian despeditu zena, Arakildik eta Irurtzundik pasa zena. Asteburu honetan, urriaren 6tik 8ra jokatuko da azken etapa, lauretatik gogorrena, Donostiatik Bilboraino, 140 km eta 8.000 metroko desnibel positiboa duena.
Kontua da bigarren etapan antolatzaileak Dantzaleku Sakana klubeko mendi sekzioarekin harremanetan jarri zirela, antolakuntzan laguntza eskatzeko. Zehazki, Opakuatik Lizarragaraino joan behar ziren Dantzalekukoak, martxa isten, balizak eta seinaleak kentzen, guztia txukun uzten eta korrikalariren bat atzean geratuz gero, haiek atendituz. Esperientzia bikaina izan zen eta hirugarren etapan ere Dantzalekukoen laguntza eskatu zuten BUTS-eko antolatzaileek, Iruñetik atera eta Irurtzun bitarteko itxiera lana egiteko. Atzera ere, laguntza guztia eman zuten sakandarrek. Eta asteburu honetarako atzera ere sakandarrengana jo dute antolatzaileek, laguntza eske. “Badirudi kontentu daudela guk egindako lanarekin eta horretatik azken etapako azken eremua ixtea eskatu digute, Igorretik Bilbora. Dantzalekutik seikote bat joango gara: balizak kendu, zintak bildu, guztia txukun utzi, norbait atzean gelditu bada lagundu… hori izango da gure lana. Helmugara iritsiko gara, Bilboko Areatzara. Atzera ere, sekulako esperientzia izango da eta antolakuntzan laguntzearekin kontentu gaude” azaldu digu Dantzaleku Sakanako Peio Bergarak.