Euskal Herriko erdigunera

Guaixe 2017ko urr. 6a, 12:20

Igandean izanen da Independentistak Sareak, Iratxo mendi taldeak eta Sakanako Mendizaleak taldeak antolatutako martxa, hiru zutabeetatik abiatuta

Aurreko urtean bezala, Iratxo mendi taldeak, Sakanako mendizaleak eta Independentistak sareak Euskal Herriko erdigunera mendi martxa antolatu dute.
Jakina denez, lurraldetasuna aldarrikatzeko helburua du ibilbideak eta lurraldetasunaren eguna izan nahi du. Etzi izango da, igandean, urriaren 8an.

Hiru zutabek Beriaingo EH Erdigunea helburu
Hiru zutabe aterako dira Beriain tontorretik hurbil, Olibesarioko saroian dagoen Euskal Herriko Erdigunerantz (1.232 m. Koordenadak: X:586.936 eta Y:4.748). Felix Isasi ingeniariak barizentroaren kontzeptuan oinarrituta kalkulatu zuen erdigunea eta monolito bat dago bertan. Lehen zutabea Unanuko herriko plazatik abiatuko da, 8:15ean, bigarren zutabea Senosiaingo goialdeko askatik, 8:45ean, eta, azkena, Irañetako bordatik, 9:30ean. Behin Erdigunean bilduta, ekitaldia eginen da bertan, 11:30ean. Ondoren, pintxo potea izango da Irañetako bordan, 13:30ean, eta bazkari herrikoia antolatu dute. 15:00etan (helduek 10 euro eta haurrek 5). Informaziorako, www.independentistak.eus web gunera edo 943 561 853 telefonora jo daiteke.

Aurreko urtean, ezezagunek Euskal Herriko Erdiguneko monolitoari erasoa egin zioten: espainiar banderako koloreekin margotu zuten eta “España” idatzi zuten. Hura garbitu zuten, martxa baino lehen. Eta ekitaldian, Nafarroako Mendi Kiroletako eta Eskaladako Federazioak "mendizaleen kolektibo osoarendako proiektu komun bat gauzatzeko bide-orria zehazteko konpromisoa " hartu zuten.