Bartzelonako Ripollet herriko El Martinet eskola publikoan haurtzaroak berezko kultura duela aitortu dute. Abiapuntu horretatik alaitasunari eta ongizateari lotuta dagoen ikaskuntza mota bat garatu dute, zeinetan haurrak erabateko protagonistak diren. Esperientzia hori bertatik bertara ezagutzeko bisita antolatu da.
Ainara Martin Bustok, Arbizuko Herri Eskolako zuzendariak, azaldu digunez, “09:00etatik, goiz osoan aukera izango dugu bertako espazioak, materialak, giroak, ikusteko eta sentitzeko nahiz bertako irakasleekin gozatzeko”. Arbizun eta Sakanako Eskola Txikietan Dumas proiektua garatzeaz aparte ikastetxe berria izanen dute heldu den ikasturtean. Horregatik, “berrikuntza pedagogikoen garai honetan horrelako eskolak ikusteak beste aukerak posible direla amestu eta errealitate bilakatzen laguntzen dute, beraien espazioak eta ikasteko giroak oso pentsatuak daudelako”.
Sakanako guraso eta irakasleei irekia dagoen deialdia da. Kataluniako eskolak ibarreko ordezkaritza hartzen duen lehen aldia ez da izanen. Joan den urteko udaberrian 78 sakandar izan ziren pedagogia proiektua ezagutzen.
Izena ematea
cparbizu@educacion.navarra.es e-postan egin daiteke hilaren 11 baino lehen. Autobusa behar den adierazi behar da. Izena emandako jende kopuruaren arabera autobusa antolatuko da. Bisitak 30 euro balio ditu eta izena ematean ordaindu beharko da.