Sare hezkuntza komunitatearekin motxiladun umeen inguruko lanketa egiten ari da

Guaixe 2017ko urr. 9a, 08:26
Motxiladun umeen agerraldia.

Ume horiek ama-aita kartzelan duten 18 urtez azpiko 113 haur eta nerabek dira.

Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko Sakanako Sare Herritarrak haurren eta nerabeen hezkuntzan lanean ari diren irakasle, psikologo eta pediatrei zuzenduriko ekimena martxan jarri du. Profesional horiei guztiei kolektibo horretako preso eta iheslarien seme-alabei erreparatzeko eskatu die Sarek, “orain arte nahiko ezkutuan” egon delako.

Sarekoek haur eta nerabe horiei “motxiladun ume” deitzen diete,  eta “motxila horiek euren gurasoak ikusteko egin behar izaten dituzten milaka kilometroren isla dira. Egunerokoan gurasoen hutsunearekin bizitzeak zama afektibo handia eragiten diela ukaezinezko errealitatea da, gainera”. Saretik diote 113 haur eta nerabe horiei “euren gurasoen ondoan hezteko eskubidea ukatzen” zaiela.  Eta behin eta berriro galdera bat errepikatzen dutela gaztigatu du: zergatik?

Hezkuntza irakasle, psikologo eta pediatrek haurren heziketan, aisialdian, garapenean, osasunean... lotura dutenez, Sare herritarra ibarreko haur-nerabe horiek gurasoekin hazteko duten eskubidearen aldeko lanketa egin nahi du. Sakanako ikastetxeetako profesionalei atxikimendua eskatuz orriak banatu dizkiete. Eta ibarretik kanpo lan egiten dutenek bat egiteko e-posta helbide bat eman du: etxarrisare@gmail.com. Jasotako atxikimenduak azaroaren 18an publiko eginen dituzte.